GARA > Idatzia > Ekonomia

Pariseko Auzitegi Gorenak arrazoi eman die Hendaiako Altis-Eroskiko 5 langileei

p027_f02.jpg

A. MANTEROLA | HENDAIA

LAB sindikatuaren eskutik, 2007ko azaroan Hendaiako Champion saltokiko bost langilek Altis-Eroskiren kontra hasitako prozedura juridikoa erabat amaitu da Pariseko Auzitegi Gorenak emaniko ebazpenarekin.

Gutxieneko soldatara (SMIC) heltzeko, hileko ordainsariari pausa denboragatik dagokien zatia gehitu izana ez du bidezkotzat jo auzitegiak, eta hala, 2005etik 2008ra arteko atzerapenak ordaintzera eta kalte-ordainak eta prozedurak eragindako gastuak ere bere gain hartzera zigortu du enpresa.

LABek atzo bertan eman zion gutun bat zuzendaritzari «langile hauei zor diena» lehenbailehen ordain dezala eskatuz. Enpresak, «afera luzatzeko trikimailu guztiak» erabili dituela salatu zuen Eñaut Aramendik: «Jokamolde maltzur horrekin, langileen bizkar dirutza polita patrikaratu dute».

Deia sindikatuei

Horren aurrean, dei egin die sektoreko gainerako sindikatuei, zor horiek kitatu bitartean urteko hitzarmena izenpetu ez dezaten.

Bestalde, bost langile hauen afera bururaino heldu denez, beranduago salaketa jarri zuten beste hamabosten helegiteak bertan behera utz ditzala eskatu dio Altis-Eroskiri. Izan ere, Pariseko epaitegiaren deliberoak jurisprudentzia egin duela uste osoa du LABeko ordezkariak.

Beste sindikatu batzuk ere antzeko prozeduretan murgilduta daudenez, ebazpen horri so eginez eskaera bera egitera gomitatu zituen.

Duela egun batzuk CFDT sindikatuak 110 langileren izenean arazo beragatik Angeluko Carrefourren kontra jarritako helegitea irabazi zuen Paueko epaitegian. Carrefourrek kasaziora jotzeko asmoa azaldu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo