GARA > Idatzia > Euskal Herria

Portu eta Sarasola atxilotu zituzten guardien absoluzioa berretsi dute

Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatu egin zituztela baieztatuz Gipuzkoako Auzitegiak emandako sententzia indargabetu zuen Auzitegi Goreneko aretoak bereari eutsi dio, eta guardia zibilen absoluzioa berretsi du, atzo zabaldu zuen autoan azaltzen denez.

M.D. | IRUÑEA

Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak ez du onartu lau guardia zibili ezarritako zigorra bertan behera uzten zuen sententzia indargabetzeko eskatuz Igor Porturen eta Mattin Sarasolaren defentsak jarritako errekurtsoa. 2008ko urtarrilaren 6an Portu eta Sarasola Arrasate inguruan atxilotu zituzten lau guardia zibil torturagatik kondenatuz Gipuzkoako Auzitegiak eman zuen epaia bertan behera utzi zuen erabakiaren aurka aurkeztu zuten helegitea Gorenean. Urtarrilaren 19ko data duen auto batean, Goreneko Zigor Aretoak eskaera hori ez duela onartzen adierazten du. Jose Ramon Soriano epailearen sinadura duen agiri horrek dioenez, Porturen eta Sarasolaren «eskubide guztiak bermatuta egon ziren».

Gorenak joan den azaroaren 15ean utzi zuen bertan behera Gipuzkoako Auzitegiaren epaia. Atxilotuak torturatzeagatik lau guardia zibil zigortzen zituen epai hura baliorik gabe utzi, eta ondorioz, horien absoluzioa agindu zuen.

Gorenaren erabaki hori jakin eta berehala, Porturen eta Sarasolaren abokatuek helegitea aurkeztu zuen, bi lesakarren eskubideak urratuak izan zirelako. Gorenaren erabakiarekin, torturaren erabilera zigorrik gabe geratzen zela gaineratu zuten.

Gorenak eman berri duen epaiaren arabera, guardia zibilak errudun direla egiaztatzeko «froga nahikorik» ez dago. Onartzen du, halere, hainbat dokumentu ez zirela behar bezala irakurri epaiketan, baina ez du horregatik bere jarrera aldatzen.

Guardia zibilen erantzukizunik eza ebatzi zuen Goreneko areto bera izan da absoluzioa berretsi duena. Konstituzionalean babes-helegitea aurkeztuko dute lesakarren abokatuek. Europara jo aurretik egin beharreko azken tramitea da hori.

«Inpunitatea»

Beste epai batzuetan bezala, orain ere, Gorenaren epai honekin, agerian geratu da indar polizialek inpunitate osoz erabili duten tresna dela tortura, ezker abertzaleak eta Aralarrek salatu dutenez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo