GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lakuak azalpen gutxi baina nahiko eman ditu

Ogasun sailburu Carlos Agirrek Gasteizko altxortegiaren gaineko azalpenak eman zituen prentsaurreko berean, Justizia eta Herri Administrazioko sailburu eta Gobernuko bozeramaile Idoia Mendiak azalpen gehiago eman zituen, aurrekoarekin zerikusirik ez duen beste kontu baten gainean, ordea: 2000. eta 2009. urteen artean Justizia Sailean egindako hainbat kontratu informatikotan izandako «irregulartasun larrien» gainean, hain zuzen. Azalpen gutxiegi, beharbada, baina hedabideek berehala nabarmendu zuten garai hartan Justizia sailburua Joseba Azkarraga -EAkoa- zela. Gutxienez hamabost kontratu irregular horien gaineko zehaztapen askorik ez zuen eman, baina gauza jakina da -Lakuak berak jakinarazitako datua baita- kontratu horiek guztiak garai hartako Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariak -EAk Sail horren ardura hartu baino lehen karguan zegoenak- sinatu zituela, eta gauza jakina da, halaber, Ramon Jauregi Justizia sailburu ohiak izendatu zuela, bai eta gaur egungo Gobernuak zuzendari hori saritu egin zuela ere, Justizia eta haren balioak eta Zuzenbidearen garapena sustatzeagatik.

EAk azken harirainoko ikerketa eskatu zuen berehala, eta baliteke Lakuako arduradunei kontu horren gainean emandako azalpen urriak ugariegiak iruditzea dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo