Laura MINTEGI Idazlea
Komunikaziorako, lehenik solaskidea
Lagun batek esan dit bere lankidea etsiturik dagoela 12 urteko semearekin, eta ea egun batean mintza gaitezkeen kafe baten inguruan. Aditua izan ez arren, ama atsekabetu bati ezezkoa ematea zaila denez, mintzatuko gara «tontoleszentzia garaian» izaten diren komunikazio arazoez. Tontoleszentzian komunikazioa zailtzen bada, errespetuz, maitasunez eta denboraz berreraiki daiteke. Txarragoa da aurretik komunikaziorik egon ez bada. Orduan gureak egin du! Haur txikiak patukoa behin eta berriz lurrera botatzen duenean eta laugarrenean kendu egiten badiogu «jokoaz» aspertuta, mezu garbia bidaltzen diogu umeari: ez dut astirik ezta gogorik ere zurekin «mintzatzeko». Koloretako piezekin egin dugun dorrea haurrak desegiten duenean, eta geuk egin eta berak desegin, eta laugarrenean, piezak gorde eta «amaitu da kontua» esaten diogunean, mezua garbia da: ez dut astirik ezta gogorik ere zurekin «mintzatzeko». «Zergatik» eta «zergatik» etengabe galdetzen duenean, eta laugarrenean erantzuten badiogu, «haatik!», mezua garbia da: ez dut astirik ezta gogorik ere zurekin «mintzatzeko». Jakin-minak jota denaz galdetzen duenean, sexuaz edo izarren distiraz, eta gure erantzuna bada «nagusiagoa zarenean ulertuko duzu», mezua garbia da: ez dut astirik ezta gogorik ere zurekin «mintzatzeko».
12, 14 urte dituztenean kexu gara ez digutelako erantzuten, ez dutelako ezer kontatzen, konfiantzarik ez dutelako... Baina euren bizitza osoan zehar behin eta berriz eman badiegu aditzera gu ez ginela unean behar zuten solaskidea, nola berreraikiko dugu orain inoiz izan ez den komunikazioa?