GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

Shock terapiaren aurrean, txoke terapia

Orain, kontrabotere hori benetan osatu behar da. Beste ibilbide bat egin nahi dutela esaten duten eragile politiko, sindikal eta sozialek egin behar dute euren hautua

PSOEk lehen, beldur eszeniko handiagoz eta determinazio txikiagoz, eta orain PPk, batere lotsa barik eta helburua ondo markaturik, bide berbera jorratzea erabaki dute. Espainiar Estatuaren hautua ez da pasatzen bestelako politikak egitetik edo jendeak behar edo aldarrikatzen duena entzutetik. Joko zelai bakarra dute aintzat eta, dirudienez, joko horretan politika ultraneoliberalenak egiten dituenak irabazten ditu puntuak. Aukera minimo baten bila dabiltza mundu mailako berregituraketa honetan zerbait edo norbait izateko. Batzuen protagonismoa eta gutxi batzuen negozioa, gehiengoa zapaltzearen eta xurgatzearen kontura.

Eta esan beharra dago PP benetan ondo egiten ari dela. Momentu honetan kalean galdetuz gero zenbat neurri hartu eta zenbat erreforma egin dituen Madrilgo Gobernuak, inork gutxik jakingo luke zehazten. Erantzun posibleena: «Sí, algo del aborto, ¿no? Y algo de los puentes, ¿no?». Zurrunbiloak horixe dakar eta. Populazioa nora ezean, nor bere desastre partikularra bizitzen eta gertatzen ari denaz jabetzeko aukera barik. De Guindos Ekonomia ministroak aste honetan bertan esan duen modura, «de vez en cuando en la vida hay que aplicar una terapia de shock».

Ez genuen uste Naomi Klein-en liburuaren hurrengo kapitulua espainiar Estatua izango zenik eta lehen pertsonan bizitzea tokatuko zitzaigunik, are gutxiago herrialde horretatik alde egin nahi dugunoi...

Eta ni neu hasi naiz benetan kantsatzen «Euskadi hobeto dago» entzuteaz. Espainiar Estatua gero eta txartoago badago, gure balizko «hobekuntza» gero eta txikiagoa baita, eta adierazpen horren atzean are txartoago egon arte itxarotea besterik ez baitago. Nafarroan, esan behar dut, 50.000 lagun lanik gabe daude dagoeneko.

Egia da Euskal Herria hobeto dagoela; ez dut ekonomikoki esan nahi, sozialki baino. Ahizpa batek lehengoan esan bezala, «hemen lauzpabost lagun elkartu eta badaukagu talde bat eraturik, aldarrikapen taula zehazturik eta mobilizazioa prestaturik». Baina inportanteena ez da zenbat talde garen, baizik eta kontrabotere soziala osatzeko askoz hobeto gaudela kokaturik.

Orain kontrabotere hori benetan osatu behar da. Beste ibilbide bat egin nahi dutela esaten duten eragile politiko, sindikal eta sozialek egin behar dute euren hautua, espainiar Estatuak, arestian esan bezala, jadanik eginda baitauka. Aukera bi baino ez dauzkagu, edo Espainiako autonomiak izan Hego Euskal Herrian, gero eta botere politiko gutxiagorekin (EAEko hurrengo hauteskundeak buruan, EAJk PPrekin adostu omen duen kortijoaren nondik norakoak ikusi arte) edo Espainiari agur esan eta geure bidea egitea.

Bide horrek ez digu bermatzen berez paradisua izango denik, baina indar korrelazio onuragarriagoz, gaitasuna badaukagu txaranga eta panderetadun infernua baino askoz hobea izateko. Ataka horretan gaude eta denbora pasatzen uztea geure kontra dator. Shock terapiaren aurrean, txoke terapia. Geure esku dago Euskal Herriak bere burua Naomi Kleinen hurrengo kapitulutik salbu ikustea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo