GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Oiartz Eizagirre Erguin Zarauzko preso politikoen senideen izenean

Aski da! Txuri kalera orain!

Preso politikoen senideok behin eta berriz salatu ditugu gure senideek jasaten dituzten salbuespen neurriak eta egungo espetxe politikak dakarkigun zigor gehigarria. Duela gutxi datutan ere azaldu genituen dispertsioaren ondorioak.

Txuriren egoerak muga guztiak gainditzen ditu, ordea. Aurreko astean jaso genuen bihotzekoaren berriak, beste behin, bere egoera larria azaleratu du: urte luzetako dispertsioa, hiru laurdenak nahiz kondena osoa bete arren espetxealdiaren luzapenarekin de facto ezartzen zaion biziarteko zigorra, xantaia eta damutze politika, espetxeko baldintza gogorrek areagotutako osasun arazo etengabeak... Argi hitz eginda: hari fin batetik zintzilik daukate gure herrikide Txuri, muturreko egoeran dauden beste hainbat bezala. Gorrotoa eta mendeku nahia, ez dugu beste azalpenik aurkitzen egoera hau luzatzeko.

Muturreko egoera honetan, herritarron, zuen elkartasuna da eusten gaituen bakarra. Pazientzia eta itxaropena bezalako hitzek ez digute ezer esaten jada. Guk badakigu alferrik zaigula inoren edo ezeren zain egotea. Badakigu herri presio eta mobilizazio bidez soilik lortuko dugula Txuri etxean (aspaldi behar zuen bezala) eta baldintza duinetan osatzea. Herriak ekarriko du herrira.

Horregatik, larunbatean, 18.00etan Udaletxe plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dizuegu guztioi, denok batera «aski da!» oihukatu dezagun, beharrezkoa den indar guztiarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo