GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Jon Urrusolo, Ester Hernandorena, Aitziber Perez LAB Irakaskuntzako kideak

Mañerutik Sartagudara, Sartagudatik Nafarroa osora!

Abenduaren 16an, 17an, eta 18an, Mañerun denetariko ekintzak izan ziren. Helburua garbia zen: egun itxita dagoen eskola berrirekitzea, bertako ikasleei D eredua, euskarazko irakaskuntza eskainiz. Mañeru «Vascuencearen legeak» eskualde ez euskaldunean kokatzen du, eta ondorioz, haurrek ezin euskarazko irakaskuntzarik jaso. Egoera horren aurrean, familiek euren seme-alabek egunero hainbat kilometro egitea nahiago izan zuten, herriko eskolan ez baitzegoen euskaraz ikasterik. Orain norabide hori aldatu nahian, seme-alabek euskaraz herrian bertan ikastea eskatzen dute.

Asteburu honetan, hitzordua Sartagudan da. Sartaguda, Mañeru bezala, eremu ez euskaldunean aurkitzen da, eta ofizialki ez dago euskaraz ikasterik. Orain dela 25 urte, hainbat familiak euren seme-alabek euskaraz ikasiko zutela deliberatu zuten eta Ibaialde ikastola, Lodosa-Sartagudako ikastola, abian jarri zuten, eta era berean horren lekuko dira Tutera, Irunberri, Zangoza, Viana eta Tafallako ikastolak. Lodosako ikastola, une honetan dituen arazo ekonomikoengatik, kinka larrian aurkitzen da, eta elkartasunezko erantzunik ez balego, aurki ixtear egon liteke.

Euskal Herriko beste lurraldeetan bezala, Nafarroa Garaian ikasle askok zanpaturik dute euskaraz ikasteko duten eskubidea. Egungo esparru legalak Nafarroako lurralde osoan ez du eskubide hori aitortzen, eta familiak ekimen ezberdinak martxan jartzera beharturik izaten dira, beren seme-alabek euskaraz ikasteko duten eskubidea benetakoa izan dadin. LAB sindikatua Mañerun izan zen bezala, igande honetan Sartagudan izango da, euskarazko irakaskuntzak horrelako ekimenen beharra duelako, eta finean, gure eskubideen berme nagusia gu geu, herritarrak alegia, garelako. Euskarazko irakaskuntzak, Mañeru eta Sartaguda askoren premia du, izango du, Nafarroa osora zabalduko bada. Herritarron inplikazioa, parte hartzea, indarren bilketa.

Urtarrilaren 19an beste indar bilketaren argazkia izan genuen, euskarazko teknikariek, NIZE, NIE, EKE, Sortzen, eta Topagunea, elkarrekin matrikulazio garaian familiei euskarazko irakaskuntzaren alde egiteko, D ereduaren alde, eskatu zietenean. Erasoei aurre egiteko, eta euskarazko irakaskuntza Nafarroa osora zabaltzeko ezinbestean elkar guneak behar ditugu.

Mañerutik Sartagudara. Sartagudatik Nafarroa osora!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo