GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iragarritako giza hondamendi baten kronika

Nazio Batuen Erakundeko Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) eta Elikagaien Mundu Programak (WFP) salatu dutenez, Hego Sudango milioika lagun gosetearen mehatxupean daude, elikagai segurtasunik ezaren mailak gora egin du-eta. FAOko zuzendari nagusi Graziano da Silvak, bere aldetik, esan zuen arazoa ez dela hurrengo hamarkadetan munduko biztanleria osoa elikatzea, baizik eta nola egingo den -hau da, munduko biztanle guztien elikadura ziurtatzea-, eta horri aurre egiteko garapen bideko herrialdeetako nekazaritza inguruen elikagaiak ekoitzi eta eskuratzeko gaitasuna hobetu beharra dagoela.

Hego Sudangoak eta beste hainbat ingurutakoak iragarritako goseteak izango dira. Gabriel Garcia Marquezen eleberrian bezala, heriotzak ez dira harritzekoak izango, munduak haien aurrekarien berri jakingo du-eta; baina, eleberrian ez bezala, elikaduraz arduratzen diren nazioarteko erakunde ofizialek ere iragarriak izango dira. Eta giza hondamendia gertatzen denean, hipokrisiarako tartea izango da. Munduko erakunde ekonomikoak, gobernuak eta finantza sistemaren osasunaren zaindari guztiak hunkituta agertuko dira, aurreikusi gabeko tsunami edo lurrikara bat gertatu izan balitz bezala, eta munduko herritarrak elkartasunera deituko dituzte. Iragarrita dago baina, dirudienez, itxaron egin behar da. Berandu izan arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo