Kalean sentimenduak mugiarazi dituen ikuskizuna berritu eta aretora ekarri du Kukaik
Agertoki gainean, bost neska-mutil. Euskal dantzako urrats klasikoak eta, horiekin nahasirik, mugimendurik berrienak. Bat-batean oihuak, herri kiroletako animo sutsuak, trikitia... Hasi da Kukairen ikuskizuna.
Maider IANTZI | ERRENTERIA
«OUT/IN» Kukairen ikuskizun berriak bi koreografia hartzen ditu barrenean, Iker Gomezen «Aupa Mutil» eta Damian Muñozen eta Virginia Garciaren «Sorbatza». «Nahiz eta nekatuta, lehertuta, akituta, jota, mareatuta... egon; beso, hankak eta bizkarra txiki-txiki eginda izan eta birikak, aurkitu ezinda nabilen hitz bat garrasi egiteagatik, erabat hustuta izan... badakit harrotasun kontu bategatik zutik jarraituko dudala», baieztatu du Gomezek.
Bigarren koreografia, «Sorbatza», aldiz, oreka berrezarri nahi duten lau gizonezkoen arteko erritual gisa definitzen dute egileek, La Intrusa Danza konpainiako Muñozek eta Garciak. «Gerra sinbolo bat da, bakea eraikitzeko», diote.
Igandean estreinatuko dute ikuskizuna, 19.00etan Errenteria Hiria kulturgunean. Dagoeneko salgai daude sarrerak kulturguneko leihatilan. Jon Maya da zuzendaria, eta dantzariak, berriz, Jon bera, Alain anaia, Eneko Gil, Ibon Huarte, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena.
Zuzendariak atzoko erakustaldiaren ondotik azaldu zuenez, ikuskizun honek «Karrika» proiektuan du sorburua. «Karrika», sei dantzari eta DJ bat biltzen dituen kale ikuskizuna, iaz jaio zen, espresuki kalerako. Kukai dantza garaikidean jarduten duten koreografo euskaldunekin elkarlanean aritu zen. Euretako gehienek Euskal Herritik kanpo lan egiten dute.
Zerbait mugiarazi
Maiatzean lana estreinatu eta kalez kale hagitz esperientzia ona izan dutenez, pentsatu zuten garapen berri bat izan zezakeela egitasmoak, hau da, aretoan ere ongi funtziona zezakeela. «Onerako ala txarrerako, zerbait mugiarazi dio jendeari», eta horrek bultzatu ditu eurentzat desberdina den zerbait egitera, urrutirago joatera eta erregistro berrietan sartzera.
«Karrika» abiatu zutenean, koreografo bakoitzari dantza tradizional bati buruz gogoeta egitea eta hortik lan berri bat sortzea proposatu zieten Kukaikoek. Bilaketa lan horretatik sortu zuen Iker Gomezek «Aupa Mutil». Eta gauza bera egin zuten Damian Muñozek eta Virginia Garciak. Hauek ezpata-dantza bat eta krump estiloa nahastu zituzten «Sorbatza»-n.
Errenteriako estreinaldiaren ondotik, Donostian (otsailaren 25ean Gazteszenan) eta Gasteizen (martxoaren 8an Principal antzokian) eginen dituzte koreografia hauen hurrengo emanaldiak. Eta ez dira Kukairen hitzordu garrantzitsu bakarrak izanen. Iragarri zutenez, Errenteriako Udalaren eta Landare Elkartearen elkarlanari esker, «Hostoak» ikuskizuna herri horretan eskaintzeko aukera izanen dute. Martxoaren 18an izanen da, Galtzarabordako udal kiroldegian.
Gaur, berriz, Bilboko Arriaga antzokian, «Hnuy illa» aurkeztuko dute Tanttaka Teatroarekin batera. 20.00etan hasiko da emanaldia. Joseba Sarrionandiaren «Hnuy illa nyha majah yahoo» (zaindu zaitez yahoo maitea) liburuko zenbait olerkitan oinarrituta dago lana. Horietatik abiatu zen Mireia Gabilondo muntaiaren zuzendaria, eta olerkariaren motiboak zeharkatuz, ibilbide bat sortu zuen. Jon Mayak urratsak jarri zizkien olerkiei, Iñaki Salvadorrek, melodiak eta David Bernuesek, irudiak. Olerkiak, dantzak, irudiak eta musikak elkarrekin bidaiatzen dute, beraz, agertokian. Baina dantza da lengoaia nagusia, izaera garaikide markatua duen euskal dantza tradizionala.
Ikuskizuna: «OUT/IN».
Lekua: Errenteriako kulturunea.
Data eta ordua: Igandea, 19.00etan.
Produkzioa: Kukai dantza konpainia.
Zuzendaria: Jon Maya.
Koreografia: Damian Muñoz, Virginia Garcia, Iker Gomez.