GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaiki Hadi Garaipenera ekimena sortu dute Euskal Herri osoko gazteek

Euskal Herriaren historiaren ezagutzan sakonduz jendarte aske bat lortzeko bideari ekiteko asmoarekin Jaiki Hadi Garaipenara ekimena abiatu dute zazpi herrialdeetako gazteek. Atzo aurkeztu zuten ekimen berria Iruñean, hotz latzari aurre eginez.

p014_f01_199x116.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Euskal Herriko zazpi probintzietako eta esparru desberdinetako gazte talde batek Jaiki Hadi Garaipenera ekimena aurkeztu zuten atzo Iruñean.

Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena betetzen den urtean, asimilazioari aurre egiteko beharraz ohartuta, ekimena martxan jartzea erabaki zuten.

Horiek horrela, gazteen formaziorako ekitaldiak antolatuko dituzte eskualde desberdinetan. «Baina ez dira ohiko mintzaldiak izanen. Eskualdeen arabera, gisa desberdinean prestatuko ditugu», azaldu zioten GARAri atzoko aurkezpenaren ondoren.

Euskal Herriaren askatasunaren alde ez ezik, etorkizunera begira pertsona askez osaturiko herriaren alde egingo dutela gaineratu zuten, emakumeen eta gazteen eskubideak bereziki nabarmenduz: «Amaiurreko gazteluan gazteak eta emakumeak ere baziren».

Euskal Herrian bizi den une politiko berria ezinbesteko aukeratzat jo zuten Jaiki Hadi Garaipenera ekimeneko kideek burujabetzan eta askatasunean aurrerapausoak eman ahal izateko.

Dinamikaren antolakuntza aurrera atera ahal izateko, webgune bat jarri dute martxan, Euskal Herriko gazteak talde eragilearekin harremanetan jartzeko tresna gisa: www.jaikihadigaraipena.com da webgune honen helbidea.

«Hemen elkartu garenok, agerikoa den beharrizan bati erantzuteko asmoz, helburu argi batekin bildu ditugu gure indarrak: gure herriaren historian sakondu eta berau azaltzea eta iraultzea. Euskal Herriak bizi duen abagune politikoan, gure arbasoen lekukoa hartu eta iraganeko irakaspenetatik historia idatzi nahi dugulako. Gaur, euskal jendartearen gehiengoak erabakitzeko eskubidearen hautua egiten duen honetan, gazteok gure etorkizuna marrazteko beharrizana ikusten dugu», azaldu zuten ekimenaren bultzatzaileek.

«Gazteok lurraldetasunetik haratago, jendarte eredu berria sortzeari begira alternatibak eraiki eta garatzeko espazio propioen sorrera aldarrikatzen dugu. Esparru horrek independentzia du izena», erantsi zuten..

webgunea

Euskal Herriko gazteekiko harremana bideratzeko, Jaikihadigaraipena.com webgunea martxan jarriko dute gaurtik aurrera ekimen berriko talde eragileko kideek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo