ZIENTZIA
Energia eta kontsumoa, orekaren bila
Energia berriztagarrien inguruan gizarteak duen ardura handituz doan arren, energia ez berriztagarrien erabilera oraindik nabarmenki handiagoa da. NBEk 2012a Guztientzako Energia Iraunkorraren Nazioarteko Urtea izendatu du, baina ekologistek mesfidati begiratzen diote horri. Hala ere, badira balantzari buelta ematea helburu duten teknika berriztatzaileak.
Oihane LARRETXEA
Naturak berak ematen dizkio gizakiari bizirauteko ezinbesteko dituen baliabideak: ura, haizea eta eguzkia, besteak beste. Horietatik eskuratzen dira, hain zuzen ere, energia berriztagarriak; hau da, energia hidraulikoa, energia eolikoa eta energia fotoboltaikoa. Beste energia mota batzuk dira, ordea, gizakiak portzentaje handiago batean erabiltzen dituenak; hain zuzen, berriztagarriak ez direnak, besteak beste, energia nuklearra, ziklo-konbinatukoa eta termikoa.
Gaur egungo eskema agortuta dagoela diote ekologistek, neurriz kanpoko kontsumoa, kutsadura eta dagoeneko gertatzen ari den klima aldaketa areagotu besterik ez baititu egiten. Hain zuzen, Nazio Batuen Erakundeak 2012a «Guztientzako Energia Iraunkorraren Urtea» izendatu du. 2010eko abenduaren 20an sinatutako ebazpenak dioenaren arabera, abian den urtea hala izendatzeko arrazoietako bat «garatzen ari diren herrialdeekiko ardura» da; izan ere, horietan 3.000 milioi pertsona biomasaren menpekoak dira janaria prestatzeko eta berokuntza sistema izateko eta 1.500 milioi pertsonak ez dute elektrizitaterik.
Hala, energia ekoizten duten enpresa handien merkatutik kanpo dauden herrialdeek energia lortzeko modu bakarra energia iraunkorrak garatzea dela nabarmendu du NBEk. Aldi berean, baliabide eta zerbitzu energetikoek «fidagarriak, ekonomikoki bideragarriak, sozialki onargarriak eta ekologikoki zentzuzkoak» izan behar dutela gaineratzen du testuak.
Helburuak betetzea pozgarria litzatekeela dio Eguzki ekologista taldeko kide Iratxe Garridok, baina ez du uste beteko direnik, «gizarteari begira politikariek kanpaina egiteko tresna» direla uste baitu. «Zer edo zer egin nahi badute, ez da beharrezkoa NBEk esatea, baizik erabakiak egunerokoan praktikara eramatea. Oso erraza da legeak egitea -iritzi dio-, baina hauek ez dira lotesleak, ez dira derrigorrezkoak beraz, estatu bakoitzaren borondatearen araberakoak dira».
Eguzkik enpresen jarrera ere kritikatu du, informazio guztia ematen ez dutela iritzita. Espainiako Sare Elektrikoak (REE) dioenez, 2011n instalatutako potentzia elektrikoak %1,8 egin zuen gora, eta igoera hori energia berriztagarrien azpiegitura berriei esker gertatu dela dio. Ekologisten taldeak, ordea, ohartarazi du REEri «ahaztu» egin zaiola esatea sektore elektrikoak isuritako CO2 kopurua iaz 73 milioi tonakoa izan zela, alegia, 2010ekoa baino %25 handiagoa. Horren arrazoia, Garridoren hitzetan, berriztagarrien ekoizpenak izandako %10eko jaitsiera da, ikatzaren ekoizpenak %95eko igoera izan zuen bitartean.
Iaz Estatu espainolean erabili zen energiaren jatorria ezagutzeko REEren webgunera jo beharra dago. Hor agertzen den informazioaren arabera, erabili zen guztizko energiaren %68,4 ez berriztagarria izan zen, eta ehuneko horretatik %21 baino gehiago energia nuklearra zen eta %16 ikatzaren ustiapenetik lortutakoa. Gaur egun, EAEri dagokionez, baliabide berriztagarrien erabilera ez da %20ra iristen.
Datu horiek erraz hobetu daitezkeela-eta, erakunde publikoei hainbat eskaera egin dizkio Eguzkik. «Gizarteari eta gure eskaerei erantzuna ematera derrigortuta daude», adierazi du Garridok. Enpresei dagokienez, Eguzkiren esanetan, «enpresa berberak energia berriztagarriak eta ez berriztagarriak kontrolatzen baditu, azken horien pagotxa bukatu arte ez dute benetako apustua egingo besteen alde». Gainera, egungo egoera ekonomikoa dela-eta, ingurumenaren aldeko apustuak bertan behera uzten ari direla diote, «garestiagoak» direla argudiatuta.
Termografia infragorria
Norbanakoak ingurumenaren kontzientziazio handiagoa duela ere onartzen du Garridok, eta pentsatzeko modua, pixkanaka bada ere, aldatuz doala dio. Hain zuzen, testuinguru horretan kokatu liteke termografia infragorria deitutako teknika.
Batez ere eraikuntzan erabiltzen den sistema honi esker, kamera infragorri baten bidez atzeman daiteke, hutsegiterik gabe, etxebizitza baten isolamendu termikoak akatsak dituen ala ez, eta, horrenbestez, zenbat energia galtzen den, esaterako, ustez ondo ixten diren leihoetatik. «Etxe barruan termikoki eroso sentitzea ezinbestekoa da, alegia, konforta aintzat hartu behar da, baina kontsumo energetikoa kontuan izatea oso garrantzitsua da. Arazo termikoak non egon daitezkeen atzemateak gastu energetikoaren fakturan murrizketa ekar lezake», dio Rafael Royok, Valentziako Unibertsitate Politeknikoan beroaren transmisio, termografia infragorri eta eraginkortasun energetikoko irakasle denak.
Eraikuntza sektoreak etxebizitzak bata bestearen atzetik eraiki zituen krisi ekonomikoa heldu zen arte eta, hain zuzen, milioika eta milioika etxebizitzak ez dituztela baldintza termikoak beteko ohartarazi du; izan ere 2018rako etxebizitza publikoei dagokienez, eta 2020rako pribatuei dagokienez, arau berriak jarriko dira abian. Gaur egun, Royoren hitzetan, termografia infragorria teknika enpresa eraikitzaileen eta etxebizitza saltzaileen ardura nagusietako bat da, eta azkenaldian Valentziako Unibertsitatean eskaintzen duten ikastaroan halako profesional ugarik parte hartu duela gaineratu du. «Aurrez aurre daukagun egiteko nagusietako bat da, hain zuzen, etxe horiek guztiak energetikoki zaharberritzea», erantsi du.
Era horretako neurriak lehenago edo beranduago hartu beharko direla dio, epe luzera etekina ematen duten inbertsioak direlako. «Auto bat erosten denean bezala, etxe baten kostua ez da erosteko unean duena bakarrik, mantentze lanetan gastatuko dena aintzat hartu behar baita. Horrez gain, ordea, urtero-urtero familia batek energian inbertitzen duena izugarria da. Kontuan izan, gainera, etxebizitza 30, 40 edo 50 urteko epe baterako erosten den ondasuna dela».
Energiaren eta kontsumoaren testuinguru honetan baliabideak mugatuak direla gogorarazi du Royok. «Gainera, eta joerak dagoeneko horrela izango dela erakutsi digu -dio-, energia, elektrizitatea kasu, etengabe garestitzen joango da».