GARA > Idatzia > Mundua

Bost milioi pertsona gosetea jasateko arrisku larrian daude Hego Sudanen

Uzta urriak eta gatazkak gosetea izateko arriskua areagotu dute Hego Sudanen. FAOk ohartarazi duenez, krisia ate-joka dago eta berehalako ekintza bat eskatu zuen. Osterantzean, ia bost milioi pertsonak elikadura segurtasun ezari aurre egin beharko diotela adierazi zuen.

p025_f02_148x108.jpg

GARA | ROMA

«Krisia ate-joka dago eta munduak ezin du ez ikusiarena egin», adierazi zuen Chris Nikoi Elikagaien Mundu Programako (WFP) zuzendariak Hego Sudanen. «Egoera oso larria da eta ahal dugun guztia egiten ari gara prest egoteko, baina dagoeneko berandu da», gaineratu zuen. Afrikako adarrean gosetea «ofizialki» bukatu bada ere, arazoa Afrikako beste herrialde batzuetara zabal liteke. NBEren esanetan, milioika pertsonak goseari aurre egin beharko diote aurten Hego Sudanen, berehalako ekintzarik ez badago, FAOk (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) eta WFPk egindako txosten bat aintzat hartuta. 2011ko urrian eta azaroan egin zuten ikerketa, Hego Sudango Nekazaritza eta Basogintzako Ministerioak eskatuta.

Ia bost milioi pertsona

Horrek dioenez, elikadura segurtasun eza nabarmenki igo da eta egoera horretan dauden pertsonak 4,7 milioi izatera iritsi dira, iazko 3,3 milioitik. Gainera, milioi batek segurtasun eza larria pairatzen du. Kopuru hori bikoiztu egin daiteke, gainera, Hego Sudango gatazka larriagotzen bada, biztanleen lekualdatzeak bere horretan jarraitzen badu eta prezioek goranzko joerari eusten badiete.

Uzta txarrak, eskaeraren igoerak, prezioen garestitze azkarrak, gatazkek, biztanleriaren mugimenduek eta Sudanetik itzulitakoen kopuru handiak eragin dute, besteak beste, egoera hori, bi erakundeek azaltzen dutenez. Zerealen ekoizpen urriak arazoa areagotu egin du, jendea oso behartuta zegoen-eta. «Ezer baino lehen familiek elikagai seguru eta nutritiboak eskuratzea lortu behar da, baina horretarako Hego Sudanen dagoen goseteak eta pobreziak osatzen duten sorgin zirkulutik atera behar dugu», adierazi zuen George Okehk FAOko bulegoaren arduradunak. «Eta hori lortzeko jendeari nekazaritza eta abeltzaintzako jarduerei berriro ekiten lagundu behar diogu» adierazi zuen.

Hego Sudango zerealen ekoizpena 2011n aurreko urtean baino %19 txikiagoa izan zen eta azken bost urteotako batez bestekoa baino %25 murritzagoa.

FAOk eta WFPk egindako kalkuluen arabera, aurten 470.000 tona zerealen defizita izango du. Herrialdeak urte osoan behar duenaren erdia. Euri eskasia arazo nagusia izan da, baina aldi berean, gatazkak ohiko nekazaritzako lanetarako oztopo izan dira.

sahelen ere

Gosete arriskua zabaltzen ari da Sahelen -Niger, Txad, Mali, Mauritania, Nigeria eta Burkina Faso-. Haurren %22k desnutrizioa pairatzen du. Nigerren ia 5,5 milioi pertsona gosetearen meatxupean bizi dira. Milaka nekazarik hirietara ihes egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo