GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

ORRO ZURI-GORRIAK

Bielsa, bertsolari!

p039_f02_543x435.jpg

 

Edorta JIMENEZ ORMAETXEA Idazlea

Urriaren 2a, astelehena. Udaren hondarretan eguraldi zoragarria Mundakan. Hor doan hori Marcelo Bielsa da. «Marcelo!». Dei egin diogu. Argazkitarako gurekin jarriko den, eta baietz. Elkarri lepora besoak eta irribarrea ezpainetara, Rosarion egona naizela diotsot. «Hara!», berak. «Che Guevararen sorterria», nik. Eta «Newell's!», erantzun berak. Artean ez nekien Marcelo Gernikako Klarisen komentura etorri izaten den kontu hori. «Azken urteotako Athletic-ik hoberena Marcelo!», esan genion argazkietarako han paratu ginenok. Aho batez. Lehenago zapatuan Anoetan bi eta bat nagusitzen gentozen.

Gaur, otsailak zortzi dituen honetan, elur arin bezain ekinkor batek esan digu egun on Mundakan. Bardako ilbetearen ederra datorkit gogora. Urte erdi igaro da Bielsa argazkitarako besoetan hartu genuenetik. Tarte honetan Athletic Kopako finalerako sailkatuta, horra. Noren aurka jokatuko duen, horrek ez digu ardura. Bielsaren mutilak edozein aurkariri aurpegi emateko gai dira. Horretan ez dute Guevararen izpiritutik ezer ments. Eta Bielsak berak gerrillariaren ezaugarri bi behintzat baditu. Futbola den gudaren ezagutza eta horretan taldearen agintean jarduteko karisma. Horraino, ostera, Bielsaren gerrillari antza, eta gerrillaren antzea. Partida gehienetan taldea guda-zelaiaren jabe egiten da, eta jabetza horretan sendo dotore jokatzen du.

Otsailaren 7a, bada. Carlos Pousok ere ondo gogoan gordeko duen eguna. San Mameseko zelaia ia ezin hobean bere mutilek futbolean badakitela erakutsi zuenekoa. Lehen mailakoek eurei sei sartu, bai, baina eurek bi! Aritmetika guztien gainetik zein azpitik, finalera begira Athletic Mirandes taldearen zordun geratu da. Justizia poetikoaren aldetik bederen. Ahulari sei sartu dionak, zenbat sartu behar dio indartsuari, ahulak sei horiek irain edo laidotzat har ez ditzan. Partidaren herena artean jokatu barik Athletic hiru eta huts irabazten zihoanean menderatuarekiko enpatia piztu zen nigan. Ez, ezin izango nukeen gure gol gehiago jasan! Zorionez, Mirandesek bere lehena sartu zen. Bigarrena ere bai azkenean. Horrezkero gureei finalean nagusitzea dagokie. Justiziaren alde. Ni neu agian Mirandan izango naiz partida ikusten. Noiz?

Maiatzeko egun batez, zein izango den ez dakiguna hain suertez. Ezta non izango den ere. Horra LFP delakoak guztiokin egiten duen zuzengabekeria! Badiot, ni neu Mirandan izango naiz, agian. Bitartean, futbolean benetan agintzen dutenak zaleon pazientzia etsipeneraino luzarazten saiatuko dira. Negozioa, amigo!

Bitartean taldearen jokoaz gozatzen eta Marceloren prentsaurrekoekin atsegintzen segituko dugu. Konfiantzazko nire tabernariak dioenez, esaten dituenak bertsotan esatea baino ez ei du falta. «Bielsa? Bertsolari hutsa!», diost.

Ez orain eta ez gero, Marcelori hemen inork ez dio hirugarren edo laugarren hizkuntza ikasteko eskatuko. Bereak bi ditu, eta bietan egiten du zoragarri. Futbolekoan handienen pare eta gaztelaniaz Julio Cortazarrek miresteko moduan. Carlos Pouso bera ez zaio ez batean eta ez bestean atzean geratu. Futbolaren literaturarako pasarte gogoangarriak, azken asteotan biok eman dizkigutenak. Horiengatik, eta batez ere futbolari beronen jatorrizko proletario duintasuna itzultzeagatik, mila esker bioi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo