Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Albumak
Binilozko album euskarriari ere LP izena eman ohi zaio. Long Play edo iraupen luzeko lana. Biniloak indarra hartu zuenean, 50eko hamarkadan, ez zegoen iraupen luzeko lanik, kantu bat edo bikoak ziren diskoak eta single ezizena eman zitzaion. Gerora ikusi zen abeslariaren beraren hainbat single batuta LPa egin zitekeela bilduma gisa. 60ko hamarkadan, singleak promoziorako tresnatzat hartu ziren, eta CDak biniloa birrindu zuenean binilozko singleak desagertu ziren. Kantu solteek bazuten hasieran artistek erantsi nahi zieten lan osoaren ezaugarria; biniloak, ordea, iraupenarekin garapen eta bilakaera osoagora eraman zuen.
Hainbat artisten kontratuetan argi agertzen da LP edo CD diskoak ezin direla moztu eta ezin dela hartu haren zati bat beste artisten kantuekin batera bildumak osatzeko. Honen eraginez, egun, badira taldeak ez dutenak nahi euren abesti solteak saltzea euskarri digitaleko dendetan. Digitalaren eraginez eta kopiaketaren erraztasunak direla medio, lan luzeen bideragarritasuna eztabaidatu da azken boladan. Zertarako egin hamar abestiko diskoa gero horietako bat edo bi abesti ospetsu baino ez direnean salduko denda digitaletan?
Disko osoen salmenta %10 da, beste guztia abesti solteak dira. Single abestiak lan osoen gainetik jarri dira salmentetan. Singlea edo albuma? Elektro edo dance estiloetan disko luzeak baino kantu solteak bultzatzen dira. Rockean, aitzitik ez. Baina gero eta gai eztabaidatuagoa da. Garbi dago abesti guztiek ez dutela single kutsu hori. Sortzen diren abesti guztiak single izateko jaio dira akaso? Ez, egiten den guztia ez da beti lehen mailakoa izaten. Sorkuntza guztia ez da urrea. Abesti asko egin behar izaten da, baina gero horietako gutxik lortzen dute single maila. Beraz, diskoaren apustuarekin segitu beharko da.