GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

«Torre Eggerren bizitako esperientzia ikaragarria izan da niretzat»

 

p040_f02_199x120.jpg


Bjorn-Eivind Aartun

Alpinista

Elkarrizketatuak ez zuen lehen aldia Patagoniako erpinetan, eta hori ondo baino hobeto ikusi da Ole Lied herrikidearekin eginiko eskaladan. Pixkaka-pixkaka Patagoniako aurtengo denboraldia (2011-2012) amaitzen ari da, eta, oso jarduera interesgarriak egin badira ere, hainbat espezialistak diotenez, bi norvegiar hauek sinatu dutena izan da hilabeteotako onena.

Andoni ARABAOLAZA

Bjorn-Eivind Aartunek 45 urte ditu, eta dagoeneko bost bidaia egin ditu Patagoniako erpinetara. Norvegiarrak zailduak dira eskalada alpinoan, eta batez ere izotz eskaladan, eta Aartunek bere herrialdeko espezialista nagusietarikoa dela erakutsi du. Hala ere, aipatu behar da bere ibilbidearen zati handiena hormatzarretan egin duela; hots, arrokazko pareta handietan. Eskarmentu horri esker, Aartunek Norvegiako trad izeneko estiloan hainbat bideren errepikapen esanguratsuak egin ditu. Horrez gain, beste marra gogor batzuk askatzea erdietsi du.

Duela sei bat urte, berriz, eskalada alpinora egin zuen salto, eta dagoeneko jarduera bikain batzuk poltsikoratu ditu. Jakina, askori gertatzen zaien bezala, Patagoniaren sarean erori da. 2007. urtean lehen bisita izan zuen, eta ordutik ia urtero itzuli da. Aipatzeko moduko bi eskalada: lehena, 2008an, Cullen Kirk estatubatuarrarekin batera, Cerro Torreko «Ragni» bidea 13 ordutan sinatu zuen. Bigarrena, handik urtebetera, Poincenot orratzean «Hvit Linje» bide berria zabaldu zuen, Marius Olser herrikidearekin. Izotzezko bide gogorra (WI5), dotorea, tentea eta bikaina.

Eta aurtengo denboraldian «Venas Azules» marra berria eskuan hartuta datorkigu. GARAri eskainitako elkarrizketa honetan, Aartunek Lied kidearekin egin duen jardueraz hitz egin digu.

Azken urteotan goi mailako alpinista batzuk zuek zabaldu duzuen bide horren atzetik izan dira, baina zuek izan zarete lehenak. Noiztik zenuen bide hori buruan?

2008. urteko abenduan hasi nintzen marra horrekin amets egiten; hain zuzen ere, «Ragni» bidea eskalatu nuenetik. Bide horren berri izan nuen, baina oso baldintza lehorrak zituen. Lepotik gora, berriz, antzigarraren azpian izotz urdina ikusten zen; izotzezko zain batzuk ziren, eta bazirudien lepoa eta tontorra lotzen zituztela. Galdera honakoa zen: eskalatzeko moduko tartea al zen? Nik ez neukan ziurtasun osoa, baina jakin banekien prest nengoela saiatzeko. Arrokazko luzeen inguruan ere dudak nituen; ez nekien zein zailtasun izango zuten, artesiak zabalak edo itxiak izango ziren... Hirugarren luzean dagoen diedroari makina bat buelta eman nizkion. Bestalde, 2010. urtean Robert Caspersenekin itzuli nintzen, baina eguraldiak ez zigun batere lagundu.

Den-denek diote luze ikusgarriak zabaldu dituzuela, oso izotz magikoan eskalatu duzuela. Zuk zeuk, nola aurkeztuko zeniguke «Venas Azules» bidea?

Oso izotz-eskalada fina da; ia dena espiraletan eta hodietan eskalatzen duzu. Hodi horien batez bestekoa metro bat eta biren artekoa da. Horrez gain, oso eskalada tentea da; 90°ko hainbat luze ditu eta 95°ko bat. Eta izotza antzigar modukoa da. Tentu handiz eskalatu behar duzu, besteak beste, izotzezko zain bertikal horien barruan antzigarra zegoelako eta soilik pioletak erabiltzeko aukera duzulako. Oinak, aldiz, arrokan dituzu.

Bederen, eguraldiak ez zuen trabarik egin, ezta?

Hala da. Patagonian egon ginen bitartean hainbat leiho on izan ziren. Guri bi egunerako eguraldi ona iragarri ziguten, eta ondo asmatu zuten.

Zuk aipatu duzun legez, izotzezko formazio berezietan eskalatu duzue, eta horrek nolabaiteko berezitasuna ematen dio eskaladari. Alabaina, zuek proposatutako zailtasunak ere ez dira atzean geratzen.

2008an ikusi nuena baino askoz ere zailagoa izango zela espero nuen, baina oztopoei irtenbide bikainekin egin genien aurre, eta horrek ere ezustean harrapatu gintuen. Zailtasunak baino formazio horietan eskalatzea izan da bereziena: izotzezko geruza fin bat pareta leun eta tente batean itsatsita, gero goialdean dagoen hodi bat gehitzen zaio, antzigarrak osatutako sabai baten ingurumarian izotzezko zain espiral batzuek segitzen diote, eroria duen pareta batean izotza eta antzigarra elkar loturik... Inolako zalantzarik gabe, eskaladan izan dudan esperientzia aberatsenetarikoa izan da.

Dagoeneko bost bidaia egin dituzu Patagoniara. Lasai asko esan genezake erpin horiekin harrapatuta zaudela.

Erpin hauek ekialdean Pampa dute eta mendebaldean, Izotz Kontinentala. Hain justu, bien artetik mendi hauek sortu dira. Horixe da Patagoniatik gustukoen dudana. Erpin tenteak eta teknikoak dira; munduan dauden pareten artean onenetakoak. Oso bide dotore eta zailak ditu, eta garaierak ez zaitu baldintzatzen. Granito gorri perfektua, izotz eta elurrarekin estalia...

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo