Gaza Surf Club Uhin artean blokeoari aurre egiten
Palestinarrek ere surfean egin nahi dute, baina badute zailtasun anitz, kutsadura, blokeoa eta, neskek, baita bertako legedia ere.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surf egiteko ez da gauza asko behar; olatuekin eta taularekin nahikoa da, baina batzuetan gauzak ez dira kanpotik diruditen bezain errazak. Olatuak ez ditu edozein herrialdek, eta surf taula bat ere ez da edonork eskura dezakeen gauza.
Palestinan, olatuak badira, txikiak, baina badira. Surf taula bat lortzea, ordea, oso zaila da bertakoentzat, eta, horrez gain, badira bestelako arazoak ere. Uraren kalitatea esaterako, oso eskasa da; kutsatuta dago, eta ez daukate arazoari buelta emateko behar bezalako bitartekorik.
Neskei dagokienez, berriz, surf egitea ia ezinezkoa dute; izan ere, Sharia legeak oso arau zorrotzak ezartzen dizkie emakumeeei eta soilik haurrak direnean surf egin dezakete. Hala ere, badira zenbait neskato kementsu, ingurukoen begirada mesfidatiei eta esamesei aurre eginez, taula zahar batekin itsasoratzen ausartzen direnak.
Kutsadura
Gazak, Zisjordaniako lurraldeekin batera, Palestinako lurraldea osatzen du. Inguratuta dagoen herrialdea da; izan ere, alde batetik, hego mendebaldean, 11 kilometroko muga lerroa du Egiptorekin eta, gainerakoan, Israelek inguratuta dago, 51 kilometroko mugaldean. Hesituta ez dagoen eremu bakarrak itsasora ematen du; beraz, itsasoak Gazan, beste edonon baino gehiago, askatasun zentzua hartzen du.
Mediterraneo itsasoaren ekialdean, 25 kilometroko kostaldea dauka Gazak. Ez da olatu handietako ingurunea, baina mendebaldetik datozen haize ufadek surf egiteko adinako garaiera duten olatuak jasotzen dituzte.
Surflariak eta bainulariak maiz itsasoratzen dira, eta hondartzan zehar sorosleen talaiak ikus daitezke, baina itsas korronteek baino arazo gehiago ematen ditu kutsadurak Gazako uretan.
Arazorik handiena uraren kalitate eskasa da. Eremu murritz horretan 80.000 litro ur fekal isurtzen dira itsasora eta, ondorioz, gune batzuetan ura oso kutsatuta dago. Horrek beherakoa eta larruazaleko legena eragiten die bainulariei.
EWASH (Emergency Water, Sanitation and Hygiene) Palestina okupatuan dituzten ur garbiketa eta osasun arloan lan egiten duten 30 taldek osatzen dute. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeez osatutako partzuergo honek egoera larria dela ohartarazten du; izan ere, Gazako biztanleria hazten ari da eta ur hondakinen tratamendurako lau planta daude soilik. Ez dira ura behar bezala tratatzeko behar adina planta. Israelek palestinarrei ezarritako blokeoaren ondorioz instalazio egokiak eraikitzeko behar duten materiala ez da iristen Gazara.
EWASH taldeko kidea da Ghada Snunu, eta biztanleei ur horietan bainua hartzeak ekar diezazkiekeen ondorio larrien berri eman behar litzaiekeela dio. Baina, hondartzara joatea beste dibertsio modurik ez duen jendeari hori esatea zaila dela onartzen du.
Aurrez uraren kalitate txarraren ondorioz gaixotu izan den jendeak kutsadura handieneko eremuak saihesten ditu, baina plazer iturri bakarra itsas eremu labur bat baino ez duenak, nahiago du, arriskutsua bada ere, itsasoratu eta bainua hartu.
Israelgo Estatuaren blokeoari aurre egitea ez da batere erraza. Surf taulak eta antzeko tresneria lortzeko zailtasun handiak dituzte palestinarrek, baina lantzean behin kanpotik datorren laguntza jasotzen dute. Zorionez, bada mila trabari aurre egiteko gai den jendea eta horien laguntza ezinbestekoa da.
Gaza Surf Club
Gazan orain urte gutxi hasi ziren bertakoak surf egiten. 2007 urte arte, erabilitako lau edo bost taula baino ez zeuden Gazako hondartzan. Urte horretan bertan Surfing For Peace erakundeak hogei bat taula eraman ahal izan zituen eta orduantxe hasi zen kirol hau indar pixka bat hartzen.
Explore Corps erakundeak gazteen heziketarako aire librean egiten diren ekimenak bultzatzen ditu. Zailtasunak dituzten herrialdeetan eta gune txiroetan bitartekoak eskaintzen saiatzen dira. 2008ko udaberrian Gazako surf elkartea sortu zuten, Gaza Surf Club, eta ordutik, Surfing For Peace taldearekin elkarlanean aritu da Israelgo blokeoari aurre egin eta Gazara surf taulak eramateko helburuarekin.
Gazako surf elkartea sortzearekin batera 23 surf taula zituen Explore Corps erakundeak palestinarren artean banatzeko, baina taulak jasotzeko bi urte behar izan zituzten, israeldarrek aduanan atxikita izan baitzituzten. Azkenean 2010eko abuztuan jaso zituzten taulak surf elkarteko kideek.
Mateo Olsen, Explore Corps erakundearen sortzaile eta zuzendariak taula haiekin zenbait buruhauste izan zituztela kontatzen du: «Gezurra dirudi. Bi urtean zehar etengabe negoziatzen aritu gara Israelgo agintariek taula hauek Gazara sartzen utzi ziezaguten. Esfortzu handia izan da, baina taula hauekin bertako biztanleek orain arte izan ez duten aukera bat izango dutela pentsatzen dudanean, surf egiteko aukera izango dutela ikusten dut, eta orduan esfortzuak merezi duela pentsatzen dut».
Sharia vs Surf
Rabah Aby Ghamin Gazako hondartzako soroslea da, 37 urte ditu eta bere kabuz ikasi zuen surf egiten. Sorosle postuan wind surfeko taula bat du eta olatuak hartzeko surf taula bilakatu du. Lema txikiagoa jarri dio eta txikota taularen aurrealdean lotu du haurrek arrastaka eraman ahal izan dezaten.
Sabah izeneko alaba bat du, 12 urteko neskatoa. Surf egiten duen neska bakarretakoa da hondartzan. Zortzi urteko Saja izeneko zortzi urteko bere beste alabari ere surf egiten irakasteko asmoa du, berak dioen moduan, eguneroko errutina gogorrari aurre egiten laguntzen duen ekimena delako.
Gorputzarentzat bakarrik ez, buruarentzat ere osasuntsua dela dio aitak. Sabahen ama eta izebak ere sarri joaten dira hondartzara, eta batzuetan uretan ere sartzen dira, bainua hartzera, baina norbait inguratzen bada, etxera alde egiten dute, jendeak eurei buruzko zurrumurruak zabalduko dituen beldur.
Emakumeak arropa jantzita sartzen dira uretara eta jende asko dagoen egunetan ez dira sartu ere egiten. Sabahek berak ere jendearen esamesei aurre egin behar izan die; izan ere, jende askok ez du batere begi onez ikusten neska bat itsasoan surf egiten aritzea.
Sabahek oraindik 12 urte baino ez ditu, baina 16 urte egiten dituen egunean olatuak hartzeari utzi beharko dio, Sharia arau kode musulmanaren arabera, 16 urterekin haurra heldu bilakatzen baita. Orduan, 16 urtetik aurrera, «jolasek» ez dute lekurik, horiek haur garaian egiten diren gauzak baitira.
Sabahek 16 urte egiten dituen egunean pena handia hartuko duela onartzen du, baina bitartean, itsasoan ahalik eta gehien gozatzen saiatuko dela dio.
Sabahen lehengusua, Rawan Abo Ghanem, bera baino bi urte zaharragoa da eta surf egin zuen lehen neska izan zen Gazan. Oraindik ez ditu 16 urte egin, baina surfa utzi du, jada ia emakumetua baita eta inguruko presioa jasangaitza egiten zaio.
Rawanek 2010eko udan egin zituen lehen urratsak olatu artean, 12 urte zituenean, eta Explore Corps erakundeko kide Mathew Olsen izan zuen surf irakasle. Haren esanetan, Rawanek hasiera-hasieratik abilezia handia erakutsi zuen.
Egun, denera lau neska daude Gazako surf elkartean. Dudarik gabe, bakoitzak izan dezakeen trebeziaz harago, haien ausardia miresgarria da.
Gazako surf elkartea sortu zenean Explore Corps erakundeak 23 surf taula bidali zituen palestinarren artean banatzeko, baina taulak, bi urtez Israelgo aduanan atxikita izan zituzten. Azkenean, 2010eko abuztuan jaso zituzten taulak surf elkarteko kideek
Sabahek oraindik 12 urte ditu, baina 16 urte egiten dituen egunean olatuak hartzeari utzi beharko dio, Sharia arau kode musulmanaren arabera, 16 urterekin haurra heldu bilakatzen baita. Egun hori iristen denean penaz hartuko du, baina bitartean gozatu egin nahi du