Surflari ernegatua
Herrien Europan
Hemezortzi urte nituen Ingalaterrara Europako txapelketan parte hartzera joan nintzenean. Herrialde bakoitzak bi ordezkari zituen txapelketa osatzen zuten hiru kategoriatan, 14 urte artekoak, 16 urte artekoak eta 18 urte artekoak. Newquayen izan zen txapelketa, golf zelaiek inguratua duten hondartza batean.
Diru gehiago zuten selekzioek arropa ederragoa zeukaten; batzuek kamiseta, besteek jertsea, besteek txandala eta berokia... eta beste batzuk goitik behera beltzez jantzita zihoazen. ELAko zenbait afiliatuk jendea egurtzeko janzten duten arropa berbera zeramaten, buzo beltza, bota militarrak eta aurpegia estaltzeko hiru zulodun txanoa. Israelgo ordezkaritza zen.
Selekzio guztietako kideek elkarren artean hitz egiten genuen; israeldarrek ordea, ez zuten harremanik beste herrialdeetako lehiakideekin. Haietako bat lehiatzen ari zenean, talde osoa ur ertzera hurbiltzen zen sei puntako izarra eta alderik alderako bi marra urdin dituen banderarekin.
Egun osoa garrasika aritzen zen emakume txiki bat zuten buru. Hark agintzen zuen, eta gainerakoek aginduak bete baino ez zuten egiten. Zalantzarik gabe, diziplina mailan eta talde gisa, ongien antolatuta zegoen ekipoa zen.
Ez dakit nork gonbidatu zituen, baina han zeuden, europar gisa. Gainerako lehiakide guztiak hotzaz babesteko hondartza ondoan zegoen etxola baten atzealdean kuzkurtzen ginenean, haiek urertzean zeuden, haien bandera, buzo beltz, txano eta bota militarrekin.
1994ko udazkena zen, palestinarrek euren lehen surf taula eskuratu baino askoz ere lehenago. Gaur egun, israeldar eta palestinarren arteko desoreka izugarriak bere horretan jarraitzen du, eta egun, Europako surf txapelketa batera, berriz ere, israeldarrak gonbidatuko lituzkete. Ziur aski, palestinarrekin, israeldarrekin baino harreman handiagoa izango genuke, baina herrien Europan, herri izateko, batzuk beste batzuk baina europarrago dira, euren arropen arabera.