Pirinioak Anetoko mendigunea
«Best Quality», Tempestadeseko proposamen berria
Jordi Corominasek, David Pujolek eta Jonatan Larrañagak mendiaren ipar aurpegian marra berria zabaldu dute. Guztira, 300 metro ditu, eta honako zailtasunak: V/M6+, A1. Bi egun behar izan zituzten sormen lan hau egin ahal izateko.
Andoni ARABAOLAZA
Anetoko mendiguneak hainbat hirumilako jasotzen ditu bere baitan. Horien ipar aurpegira begiratzen badugu, hango murruek jarduera alpinoak egiteko aukera ezin hobeak eskaintzen dituztela ohartuko gara. Couloir tekniko zailak, bide klasiko erakargarriak... maila guztietako proposamenak biltzen ditu. Eta, esan dugun bezala, guztiak ala guztiak hirumilako mendietan.
Bada, ingurumari hartatik, Tempestades menditik (3.290 m), neguko beste jarduera bat jaso dugu. Bide berri bat, hain zuzen ere. «Best Quality» du izena, eta sortzaileak Jordi Corominas, David Pujol eta Jonatan Larrañaga ditugu. Bi egun behar izan zituzten, urtarrilaren 10 eta 11, sormen lan hori egin ahal izateko, eta emaitza honakoa da: 300 metroko marra berria eta V/M6+, A1 zailtasunak.
Benasqueko mendi gidari hauek duela hilabete inguru alderdi haietan izan zuten antizikloi indartsua aprobetxatu zuten Tempestadeseko ipar aurpegian proposamen berri bat egiteko. Jakin bazekiten murru haiek nahiko lehor zeudela eta, hori guztia kontuan hartuta, mistoko marra gogor bat zabaldu dute.
Larrañagak adierazi digunez, emaitzarekin oso gustura daude: «Marra berriari `Best Quality' izena jarri diogu, eta gure ustetan oso estetikoa da. Ezaugarriei dagokienez, esango nuke nahiko tentea dela, eta diedro eta artesi sistema bat jarraitzen duela. Berez, egin dugun jarduera hau gailurretik oso gertu amaitzen da».
Oso lehor
Alpinista bizkaitarrak aipatu digunez, marra hau zabaldu aurretik beste bat zuten buruan: «Gure lehen asmoa Margalidako murruetan aztertu genuen couloir bat zabaltzea zen, baina pareta hori oso lehor zegoen. Hori dela eta, Tempestadesera joatea erabaki genuen, horko ipar aurpegian izaera mistoa zuen bide bat zabaltzeko asmoz. Aitortu behar dut izotzik apenas zegoela».
Ohiko hiru orduko txangoa egin eta gero, hirukoteak denda lakuaren alboan jartzea erabaki zuen. Jakin bazekiten, elur gutxi bota zuela eta mendigune guztia haizete gogorrek astindu zutela. Horren ondorioz, Tempestadesera jo zuten.
Lehendabiziko egunean «soilik» 120 metro zabaldu zituzten: «Lehenengo hiru luzeetan lan eskerga egin behar izan genuen, besteak beste, aukeratutako marra oso tentea eta gogorra delako. Luze gehienak oso teknikoak dira, eta lehen egun horretan M6+ eta A1 zailtasuneko tarteak gainditu genituen. Hiru luze hauek eskalatu ondoren, dendara jaistea erabaki genuen. Hori egin aurretik, 120 metro horiek soka finkoekin utzi genituen. Bestalde, aipatu behar dut hotz handia pasa genuela; izan ere, termometroak zeropetik bost gradu markatzen zuen».
Biharamunean, berriz, xedea amaitzea lortu zuten. Aurreko egunean zabaldutako hiru luzeak jumareatu zituzten. Larrañagak dioenez, elur zelai batek bide berria bitan banatzen du. Zailtasun handienak atzean utzi ondoren, hirukotea jabetu zen aurretik zutena beste era batekoa izango zela: «Konturatu ginen hurrengo luzeak erosoagoak zirela. Azkar eta gozatzen gindoazen. Jordi M5 graduko luze bat gainditzen ari zen bitartean, David eta biok bilerak ekipatzen jardun genuen, geure asmoa bide beretik rappelatzea baitzen».
Luze hori gainditu ondoren, pareta etzan egiten da, eta aurretik dutena era askean eskalatzeko aukera ematen die. Soilik azken luze bat geratzen zitzaien. 60 metroko tarte horretan buru Pujol jarri zen. M5+ zailtasuneko luzea gainditu zuen, eta hirukotea Salenques-Tempestades ertzera iritsi zen. Arratsaldeko laurak ziren, eta pirineista sokada horrek jaistea erabaki zuen; hain zuzen ere, bide beretik rappelatzen. Bost rappel egin ondoren, paretaren sarreran ziren.
Krokisean ikus daitekeen bezala, «Best Quality» marra berriak misto izaera du, hots, luze teknikoak. Larrañagak honako ohar hauek egin nahi ditu azkenik: «Bide hau eskalatzeak egun luze bat eskatzen duela uste dugu. Bestalde, hobe da hurbilketa bidea eskiekin egitea. Eta, azkenik, gogoratu bilera guztiak ra-ppelatzeko antolatu ditugula».