GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Horren sinple, Horren lotsagarri

Duela zenbait urte, Elikadura eta Nekazaritzaren Garapenerako Nazio Batuen Erakundeak (FAO) adierazi zuen mundu-mailako goseterekin bukatzeko 50.000 milioi dolar inguru beharko liratekeela urtero. Herrialde aberatsetako gobernariek erantzun zuten ez zeukatela diru hori. Luze doan egungo krisia dela eta, berriz, kopuru hori baino 54 aldiz gehiago eman diete bankuei, hauek salbatzeko, neoliberalismoa eta sostengatzen duten egitura finantzarioak hondora ez daitezen.

Egitate sinple honek, ezin hobeki erakusten du zein mundutan bizi garen, interes monetarioaren munduan, alegia. Dena banatzen da interes horren arabera; denak du aitzakia edo arrazoia mozkinaren arabera. Hainbeste lagunek jasaten duten goseari konponbidea ematea ezinezkoa dela uste dugu, munduaren alde honetako irudimen kolektiboan, hainbeste lagun direlako, hain zuzen, herrialde garatu gabeetan; ondorioz, gaur gosea aseta ere, bihar ez dutelako izango zer jan. Uste ustela baino ez da, eta argi esan zuen NBEk berak. Hala ere, munduko agintarien lehentasunen artean, bistan denez, ez dago gosearekin bukatzea, herrialde pobretuen egiturak eta baliabideak sustatuz, bertako biztanleen prestakuntzan sakonduz, askatasuna ahalbidetuko dien beharrezko guztia jorratuz... Bizitoki dugun munduaren gidariek horrela behar baitituzte gauzak: aberatsak eta pobreak, boteretsuak eta mendekoak, borreroak eta biktimak. Ezinbestekoak dituzte dikotomiak, baita globalizazio eredugarriaren -dena denontzat, guztiok mundu mailan maila berean elkartuta- gezur pean ere.

Gizonak eta emakumeak dikotomia, dikotomia iraunarazita, nahitaezko horietako beste bat da. Berdintasunak, ekonomian aditu ugarik adierazi bezala, aberastasuna sortzen baitu, herrialde garatu zein garapen bidean daudenetan. FAOk berak esanda, nekazaritzan dagoen genero zerrenda murriztuz gero, 150 milioi lagunek gosea pairatzeari utziko liokete munduan. Gosea jasateari utzita, familiaren eta etxearen sostengu diren milioika emakumek, eta lurrarena -era berean egiten baitute lan, inolako errekonozimendurik edo eskubiderik ez duten arren-, izango lukete bestelako gauzez kezkatzen hastea, jana eskuratu behar izatera mugatu barik, izango lukete indarra eta, batik bat, itxaropena aurrerago egiteko, antolatzeko, lur horien jabetza erdiesteko, adibidez, eta denborarekin, mentalitateak eta gauzak aldatzearen poderioz, dikotomia desagerraraziz, sistema dardarka hasiko litzateke.

Eta, hain justu, hori saihesteko ahalegina da egun munduko agintarien jokabidean ikusten ari garen bakarra. Orain arteko sistemak, beren sistemak, porrot egin duela ikusita ere, bidegabea, ankerra eta jasangaitza dela dakiten arren. Interes monetario hutsetik at mundua bestela ulertzen dugun guztionaganako errespetu ezan oinarrituta, horren sinple. Milaka adibide ditugu munduan zehar, gerrak, okupazioak, murru lotsagarriak -eta sekula baino luzeagoak-, dikotomiek bere horretan jarrai dezaten eta, hau da, arrailak ez daitezen sekula itxi: berdintasunarena, burujabetzarena, aberastasunarena...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo