GARA > Idatzia > Euskal Herria

Oihana Lopez, Iker Moreno eta Xabier Arina askatzeko eskatu dute Burlatan

Iker Moreno, Xabier Arina eta Oihana Lopez gazte burlatarrak berehala aske utz ditzaten eskatzeko manifestazioa egin zuten atzo herrian. 400 bat pertsonak hartu zuten parte mobilizazioan, eta epaiketarik izan gabe kartzelan urtebetetik gora daramatela salatu zuten.

p011_f01.jpg

GARA | BURLATA

Hotzari aurre eginez 400 bat pertsona inguru atera ziren atzo Burlatako kaleetara, Oihana Lopez, Xabier Arinaren eta Iker Morenoren berehalako askatasuna eskatzeko. Manifestazioan, besteak beste, atxilotuen senitarteko eta lagunek parte hartu zuten, «Iker, Oihana eta Xabier, urtebete baino gehiago bahiturik» lelopean.

Moreno, Lopez eta Arina Segiko kide izatearen akusaziopean atxilotu zituzten. Xabier Arina, 2010eko urriaren 23an; Oihana Lopez, urte bereko abenduaren 16an; eta handik hilabetera, Iker Moreno, 2011ko urtarrilaren 18an.

Martxan hasi baino lehen, eta antolatzaileen izenean, Itxaso Torregrosak, hiru gazteek, kartzelaldi prebentiboa ezarrita, espetxean urte bat baino gehiago egin eta oraindik ez dituztela epaitu salatu zuen. Kondenarik gabe kondenatu dituztela eta berehala aska ditzatela eskatu zuen.

Manifestazioa 12.30ean hasi zen herriko Askas plazatik, eta ezker abertzaleko kide Txelui Moreno, Ikerren aita, eta Bakartxo Ruiz Bilduko legebiltzarkidea izan ziren, besteren artean.

Konponbide bila

Manifestazioa hasi baino lehen, Itxaso Torregrosak hartu zuen hitza antolatzaileen izenean, eta gatazka politikoaren ondorio guztiei konponbideak aurkitzeko garaia badela azaldu zuen. Ildo horretatik, epaiketarik izan gabe espetxealdi prebentiboan dauden pertsona guztiak lehenbailehen aska ditzaten eskatu zuen. Horrez gain, testuinguru politiko berrian oraindik ere atxiloketak gertatzeak zentzurik ez duela iritzi zioten eta horrelako egoerak amaitzeko unea dela adierazi zuten.

Horri helduz, Torregrosak gaineratu zuen Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzeko aldeetako bat behin eta berriz pausoak ematen ari dela eta alde biek emateko garaia dela, horrela lortuko delako gatazkari behin betiko irtenbidea ematea. Azken hitzak Estatu espainol eta frantsesari zuzendu zizkion. Biek ere pausoak eman behar dituztela esan zuen: «Olatu errepresiboa amaitu eta marko demokratiko baten alde lan egin eta soluzioak ematen hasteko ordua dute».

Burlatako kaleetan zehar euskal preso politikoak Euskal Herriratzearen aldeko eta amnistiaren aldeko oihuak entzun ziren.

pausoak

Martxa hasi aurretik Estatu espainolari eta frantsesari behingoz pausoak ematen hasteko eskatu zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo