GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lekeitioko Santa Katalinako itsasbazterra birgaitzeko diru laguntzarik ez da izango

Santa Katalinako itsasbazterra birgaitzeko Estatuko aurrekontu orokorretan esleitutako 1,4 milioi euroko partida bertan behera utzi dute. Lekeitioko Udalak azalpenak eskatu dizkio Madrili.

p013_f02_148x104.jpg

Jon ADAN | LEKEITIO

Lekeitioko Udalak urtarrilaren 25ean egindako prentsaurrekoan jakinarazi zuen Estatu espainoleko aurrekontu orokorretan Santa Katalinako itsasbazterra birgaitzeko proiektuari esleitutako 1,4 milioi euroko partida ez duela jasoko. Diru laguntza hori EAJk eta PSOEk adostu zuten. Gauzak horrela eta egoera argitzeko asmoz, Lekeitioko Udalak aipatutako diru-laguntza jasotzeko 2011n egin zituen kudeaketa-lan guztien berri eman zuen.

Iazko urtearen hasieran, Madrilgo Ingurumen, Landa eta Itsas-Inguruneko Ministerioak Lekeitioko Udalari jakinarazi zion, diru laguntza jaso ahal izateko, Santa Katalinako itsasbazterra bere osotasunean birgaitzeko proiektu bat aurkeztu behar zuela. Horrela, 2011ko uztailean udalbatza berriak (Bildu) proposamena egin zuen: Santa Katalinako pasealekua birgaitzea. Handik egun batzuetara, honako erantzuna jaso zuten Madrildik: proiektua ez zela Ministerioaren interesekoa, ez zuelako okupatutako eremurik berreskuratzen; kale bat egitea besterik ez zela, eta ez kostaldean esku hartze bat egitea.

Bilduko zinegotzi Xabier Arratek GARAri horren gaineko xehetasunak eman zizkion: «Diru laguntza jaso ahal izateko Ministerioak kostalde osoa birgaitzea proposatzen zigun eta ez soilik pasealekua asfaltatzea. Horrek kostaldean interbentzio gogorra egitea zekarren; guk hori ez genuen ondo ikusten, ingurumen-eragin oso gogorra baitzuen eta aurrekontu guztiak gaindituko zituen».

Bigarren proposamena

Gauzak horrela, Lekeitioko alkate Maitane Larrauri Kosta Zuzendaritzarekin eta Iraunkortasunerako Zuzendariordetzarekin bildu zen. Bileran, proiektua aurrera ateratzeko aldaketa batzuk ontzat eman zituzten. Hartara, urriaren 14an Udalak dokumentu berria aurkeztu zuen.

Arrateren esanetan, bigarren proposamen hori «Ministerioaren irizpideen arabera moldatu zen; horretan, kalea eta itsasbazterraren artean dauden lursailak birgaitzea proposatu zen, gune berde edo begiratoki bihurtzeko; ez, ordea, kostalde osoa, hori guztia birgaitzea kaltegarria bailitzateke ingurumen ikuspuntutik», zehaztu zuen Arratek.

Gauzak horrela, azaroaren 3an Ministerioko zuzendariordeak telefonoz honakoa jakinarazi zion Lekeitioko Udalari: proiektua ez zela Ministerioaren irizpideetara egokitzen, kale bat zolatze hutsa izaten jarraitzen zuela, eta beranduegi zela 1.400.000 euroko laguntza emateko.

Lekeitioko Udalak salatu zuen ez dietela inolako argudiorik ematen, eta ez dietela zehaztu zergatik den berandu, dirurik dagoen edo kontzesiorako baldintzaren bat ez den betetzen. «Toki garrantzitsua da herrian, aisialdirako gunea. Beraz, inguruan erabiltzen ez diren lursailak birgaitzea garrantzitsua zen gunea indartzeko», azaldu zuen Xabier Arratek.

«Proiektua aurrera atera ez izanak kanpoko arrazoiekin du zerikusia, baina ez dakigu arrazoi horiek zeintzuk diren, ez baitzaigu modu formalean adierazi», salatu du Udalak.

irizpideak

Uztailean, Santa Katalina pasealekua birgaitzeko proposamena egin zuen Udalak, diru-laguntza jaso ahal izateko Madrilgo Gobernuak jarritako baldintza betez. Handik egun batzuetara, ostera, proiektua Ministerioaren irizpideekin bat ez zetorrela esan zieten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo