GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Otañok eta Otaegik indartsu jarraitzen dute

p038_f02_88x100.jpg

J.L.

Joseba Otaegik eta Unai Otañok oso indartsu jarraitzen dute. Atzo Urrezko Aizkorako finala jokatzeko lehen txartela lortu zuten, Ander Erasun eta Juanjo Lopez mendean hartuta.

Lehen proban 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu aritu ziren eta hor nafarrak gailendu ziren, egurra 29 kolpetan moztuta. Gipuzkoarrek, berriz, 34 behar izan zituzten lana burutzeko. Bigarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten. Ibarrakoak eta Zizurkilgoak minutu eta 38 segundo behar izan zituzten horretarako, eta zazpi segundoko aldea atera zieten aurkariei, bi segundo aurretik jarriz.

Hirugarren proban, bina 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta gipuzkoarrek aldea gehitzen jarraitu zuten, lana minutu eta 26 segundoan amaitu baitzuten. Zortzi segundoko abantaila lortu zuten horrekin.

Ondorengo bi probetan, ordea, nafarrek aldeari buelta eman eta aurretik jarri ziren. 45 ontzako bat zutik jarrita, eta beste bat etzanda jarritako proba irabazi egin zuten. Lana minutu eta 52 segundoan amaitu zuten Erasunek eta Lopezek. 1.59 izan zen gipuzkoarren denbora. Bosgarrengo proban, bina 60 ontzako moztu behar izan zituzten, eta hor ere nafarrak aurreratu ziren. 3.16ko denbora egin zuten, eta 3.23koa, gipuzkoarrek. Beraz, azkeneko probara, Erasun eta Lopez aurretik iritsi ziren, baina iraupen proba erraz irabazi zuten gipuzkoarrek. Hala, finalerako txartela eskuratu zuten.

Txanda librean seina kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten. Otañok eta Otaegik 10 minutu eta 41 segundoan egin zuten, eta minutu bat gehiago behar izan zuten Lopez eta Erasunek. Lan guztiak burutzeko 19 minutu eta 41 segundo behar izan zituzten Otañok eta Otaegik, eta 20 minutu eta 38 segundokoa, Lopez eta Erasunek.

Zilarrezko Maila

Zilarrezko mailan bi ezuste izan dira asteburu honetan, ustez faborito zirenek ez baitituzte beren kanporaketak gainditu. Herenegun Leitzan, Ruben Saralegik eta Arkaitz Olanok irabazi egin zieten Jexuxmari Lasa eta Jon Irazuri. Gipuzkoarrak ziren irabazteko faboritoak, adituen ustez, baina nafarrek sekulako astindua eman zieten. Irazuk eta Lasak kolpekako proba bakarrik bereganatu zuten; gainerakoak nafarrentzat izan ziren. Lan guztiak 13 minutu eta 45 segundoan amaitu zituzten Saralegik I.ak eta Olano I.ak, eta 15 minutu eta 10 segundoan, berriz, Lasak eta Irazuk.

Atzo, berriz, Vicente eta Resano ziren faborito, baina galdu egin zuten Juan eta Juanillo Rodriguezen aurka. Segoviarrek 14 minutu eta 20 segundoan amaitu zituzten lanak, eta nafarrek, berriz, 15 minutu eta 33 segundoan.

Gazteen Mailakoan, Saralegi II.ak eta Larrea III.ak irabazi zuten. 8.13ko denbora egin zuten eta 8.18koa, berriz, Vicente II.ak eta Olano II.ak egin zuten denbora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo