Berezkoen Buruz Buruko finalerdiak
Ezkurrak ez zuen batere estutu Waltari txapelduna
Patrick Ozafrainek ere oso erraz egin zuen finalerako bidea, 40-20 irabazita. Hala ere, aldea handiagoa izango zen, Bankakoak erritmoa moteldu ez balu.
Jon LEUNDA
Waltarik eta Ozafrainek jokatuko dute Buruz Buruko finala otsailaren 25ean Baionan, eurek lortu baitzuten atzo finala jokatuko den leku berean txapelaren lehian aritzeko txartela. Hori bai, bertaratu ziren zaleek ez zituzten kanporaketa handiak ikusi, bi partidak nahiko eskasak izan baitziren.
Ikusmin handia zegoen Paxkal Ezkurra eta Agusti Waltari aurrez aurre ikusteko, azken urte hauetan bi onenak izan baitira, baina neurketa oso eskasa atera zen. Kubakoak 40-9 hartu zuen mendean Lapurdikoa, eta emaitzak dena esaten du, finalerdiak ez baitzuen ez gatzik ez piperrik izan.
Urruñakoa aurretik partida galdutzat emana balu bezala kantxaratu zen, eta ez zion Waltariri izerdirik ere aterarazi. Lehia oso erraza izan zuen egungo txapeldunak. Lehen bi tantoetako emozioaren ostean, 30-2 aurretik zen amerikarra eta saioa erabakita zegoen.
Ezkurra han zebilen, bere aurkaria arriskuan jarri nahi eta ezinean, eta 26. minuturako ustez handia izan behar zuen partida amaituta zegoen jada. Waltari finalera iritsi da, baina orain artean ez du lan handirik izan, eta atzokoa ikusita, txapela ere horrela erdietsiko duen itxura dauka aurtengoak, bai behintzat Ozafrainek orain artekoek erakutsi duten jarrera aldatzen ez badu.
Saketik 20 tanto egin zituen Waltarik, eta bat bera ere ez, Ezkurrak. Jokoan 18 kintze egin zituen irabazleak, eta sei, galtzaileak. Bi galdu zituen amerikarrak, eta bi, euskaldunak. Markagailuak hau erakutsi zuen: 2-0, 2-2, 30-2, 31-9 eta 40-9.
Emoziorik ez
Bigarren finalerdiak ere ez zuen inongo emoziorik izan, Ozafrainek 40-20 menderatu baitzuen Etxeberri. Emaitza, gainera, engainagarria izan daiteke, jokoan ematen duena baino alde handiagoa egon baitzen. Bankako beteranoa 32-3 ari zen aurretik, eta partida irabazita ikusi zuenean erritmoa zeharo moteldu zuen. Horretaz baliatu zen Herve Etxeberri emaitza itxuratzeko, bestela hemen ere aurrekoan bezalaxe, alde ikaragarriak izango baitziren.
Patrick Ozafrain oso erraz aritu zen, baina aurrean izan zuenak ez zuen apur bat ere behartu. Etxeberrik orain arte ezusteak eman ditu, baina atzo lehiaketako partidarik kaskarrena egin zuen.
Finalerdiak 48 minutu iraun zituen. Saketik 14 tanto lortu zituen Ozafrainek, eta lau besterik ez, Etxeberrik. Jokoan, irabazleak 22 tanto egin zituen, eta 11, galtzaileak. Galdu, berriz, launa egin zituzten. Markagailuak hau erakutsi zuen: 4-0, 10-2, 32-3, 35-14, 37-20 eta 40-20. Bi finalistek orain bi asteko atsedena izango dute, finala behar den bezala prestatzeko.
Atzo jokatu ziren finalerdiak ikusmin handikoak ziren, baina ez zituzten aurreikuspenak bete, ez Ezkurrak, ez eta Etxeberrik ere, ez baitzuten beren maila ematerik lortu.
Agusti Waltarik eta Patrick Ozafrainek otsailaren 25ean jokatuko dute finala Baionan, Modernen. Bankakoak gauzak ongi egin beharko ditu, amerikarra menderatu nahi baldin badu.