GARA > Idatzia > Kultura

Manuel Lasarte hil da, lau hamarkada plazarik plaza eman zituen bertsolari handia

Manuel Lasarte bertsolaria atzo hil zen Aretxabaletan, 84 urte zituela. Leitzan jaiotako bertsolaria 17 urterekin igo zen aurreneko aldiz oholtzara eta 40 bat urte eman zituen herriz herri.

p048_f07.jpg

A.E. | DONOSTIA

1927ko abenduaren 16an, Leitzako Franki baserrian, jaio zen Manuel Lasarte, eta hamabi urte zituela Aiara joan zen bizitzera, eta handik, Oriora. Kostaldeko herrian eman zuen ia bizitza osoa, baina azken bi urteak Aretxabaletako GSR egoitzan egin zituen eta bertan zendu zen atzo arratsaldean. Orion egingo diote hileta elizkizuna gaur, 19.30ean.

Errima biribila, hoskidetasun gozoa eta bertsoa neurtzen zehaztasun handikoa izan da Lasarte. Errementaria lanbidez, bere osasun ahulak eta zuen ahots musikalak itxura hunkigarria ematen zioten oholtza gainean. Ez zuen txapelketetan parte hartu, baina bere atzetik zetozenen erreferente izan da.

Bi liburu idatzi zituen bertso jarri eta bat-batekoekin: «Bertso-mordoxka» (1970) eta «Gordean neuzkanak» (1975). Horrez gain, hainbat egunkaritan idatzitako artikuluak bildu eta argitara eman zituen, «Beranduko lanak» (1992) izenburupean.

Argitaratu zuen beste hainbat lan ere: «Enbor zarraren ezpalak» (1995), «Kantuaren ordainez» (1997), eta «Lazkao Txiki gogoan» (1995) eta «Uztapide gogoan» (1999), bertsotan luzaro berarekin ibilitako bi lagunen omenez idatziak azken biak. Auspoa sailean, «Manuel Lasarte. Iturria ondare», titulupean, bere bertsoen antologia antzekoa argitaratu zuen Iñaki Zubizarretak 2008an. «Hemen aurkituko duzue Manuel seme zintzoa, senide gazteena, lanean hezia, ferratzaile eta errementari trebea, oinazeak zaildua, espirituz jantzia, bertsolari paregabea, kantari ederra, guraso arduratsua, aitona kariñosoa, kontu-kontalari gozoa», liburuaren egilearen hitzetan.

Ibilbide luzea

Manueltxok Franki baserrian amari Xenpelar eta Bilintxen bertsoak kantatzeko eskatzen zion. Han sortu zitzaion bertsotarako grina. «Gainera, Leitzako herria beti izan da bertsolaritzan aurre puntakoa. Txirrita, Pello Errota eta gainerakoak asko ibili ziren han eta zaletasun ikaragarria egon da beti», zioen «Argia»-n duela urte batzuk argitaratutako elkarrizketa batean.

Gazterik hasi zen bertsotan, hamazazpi urte eskasekin, diru apur bat irabazteko. Eibarren ferratzaile ari zen garai hartan. «San Isidro eguna zetorrela eta, lagunari deitu zioten Zaldibarretik bertsotan aritzeko. Berarekin aritzea eskaini zidan, baina ni ezin nintzen errenditu lotsagatik, eta ezetz esan nion. Baina zera gertatzen zen, hilean hemezortzi duro irabazten nituela. Eta lagunak esan zidan hamarna duro irabaziko genituela bertsotan, eta hura izan zen tentazio txarra. Baiezkoa eman nion. Azkenean hogeina duro eman zizkiguten. Hau hutsa baino hobea duk, pentsatu nuen».

Bertsolari handiak ezagutu zituen. «Xalbador zen bertsolari serioa eta Mattin zen pikaro samarra. Piper pixka bat erabiltzen zuen, umore ikaragarrikoa, gizon ona. Bihotz handikoa. Bi gizon klase, bat serioa, bestea oso adar jotzailea». Uztapide eta Basarrirekin asko aritu zen. «Bertsotan batek galderak egin eta besteak erantzunak eman behar ditu. Bertsotako legea hori da. Uztapide zen erantzuten ederra. Ez zuen hark Txirritaren eskolarik. Txirritaren ateraldi berberak askotan, baina askoz ere dotoreago esaten zituen. Txirritak brasta-brasta botatzen zituen, gogoratu bezalaxe gordin-gordin, eta gaurko bertsolaritzan ere ohitura hori dago. Baina gure garaian, ez denek, baina normalean bertsolariak gauzak disimuluagoan esaten zituen. Uztapide horretan artista zen».

Bere ustez, bertsoa «gurpil bat bezala da, sail txikian bildu behar da, zabaletik hartuta ez baita ibiltzen -zioen Manuel Lasartek-. Nire ustez, behintzat. Bertsoa ahal nuen tokirik txikienean biltzen saiatu nintzen beti».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo