GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Azkora Desafioa

Kañamares eta Mindegia prest daude apusturako

Bi nafar gazteak etzi eguerdian neurtuko dira Doneztebeko pilotalekuan, 12.00etatik aurrera.

p049_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Xabier Mindegia eta Julen Kañamares elkarren aurka neurtuko dira etzi eguerdian, 12.00etatik aurrera Doneztebeko frontoian. Urteko lehenengo apustua izango da, eta bakoitzak zortzi kana-erdiko eta bi oinbiko ebaki beharko ditu. Dirutan, bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu.

«Ongi nago. Ez daukat ez katarro, ez eta gainerako arazorik ere, eta prestakuntza berriz, nahiko ona egin dudala uste dut. Eguna iristeko gogoz nago», esan du Xabier Mindegiak. «Lehen apustua da, baina lasai nago. Ongi prestatuta ikusten dut neure burua, eta jadanik jokatzen hasteko garaia noiz helduko den zain nago», azaldu du Kañamaresek.

Bi gazte hauen arteko apustuak ikusmin handia piztu du, eta biak ohartu dira horretaz. «Hemen, Malerreka inguru honetan jendea mugitzen ikusten dut, apustura joateko gogoz, eta horrek ere ilusioa egiten dit», dio Xabierrek. «Nire inguruan ere mugimendua sumatzen dut, hau zerbait ezberdina dela ematen du», erantsi du Julenek.

Izan ere, beti esan izan da apustuek badutela gainerako lehiaketek ez duten zerbait, eta bi gazteak horretaz ere ohartu dira: «Tentsio handiagoa sumatzen da inguru guztian; denak laguntzeko prest, atentzio handiagoa jartzen dute», dio Mindegiak. «Nik gainerako txapelketetan baino askoz ere inplikatuago ikusten dut jendea, askoz ere arduratuago», dio Kañamaresek.

Mindegiak badaki zer den apustu bat jokatzea, nahiz eta orduko oroitzapenak ez diren oso onak: «Egia esan, orduan oso gaizki aritu nintzen. Plazara gaizki joan nintzen, eta ez nuen ezer egin. Otañok sekulako aldea kendu zidan. Ustez, orduan baino hobekiago nago orain», onartu du Xabier gazteak.

Kañamaresentzat, berriz, hau dena berria da, ez baitu inoiz apustu bat jokatu: «Niretzat berria da, baita nire ingurukoentzat ere. Nire aita eta osaba beti herri kirol munduan ibili dira, baina ez dute inoiz apustu bat egin. Denak oso urduri nabaritzen ditut, baina ni berriz, oso lasai nago. Agian lehen aldia delako eta zer den ez dakidalako izango da, baina oraingoz neroni nagoela lasaien iruditzen zait», dio Julenek.

Lan polita

Egin behar duten lanarekin ere bi aizkolariak nahiko gustura agertzen dira. «Nik uste dut geure moduko aizkolarientzat nahiko lan polita dela. Ez da luze horietakoa, baina motza ere ez. Niri gustatzen zait», aitortu du Mindegiak. «Nik kana-erdikoak bakarrik izan balira nahiago izango nukeen; oinbikoek kezka apur bat ematen didate, baina ez da lan txarra», dio Julenek.

Igandean nola jokatuko duten ere pentsatuta daukate. «Nik garbi daukat Kañamares oso bizi aterako dela, bala bat bezala abiatuko da, eta estreinako lana berari eustea izango da, gero oinbikoetan bera gainditzeko itxaropena bai baitut», onartu du Xabier Mindegiak.

«Niri beti gustatzen zait azkar ateratzea eta igandean ere gauza bera egingo dut. Kana-erdikoetan ahalik eta abantailarik handiena atera behar diot, gero oinbikoetan lasai ibiltzeko», adierazi du Kañamares III.ak.

Lanak burutzeko ze denbora egingo duten ere kalkulatua dute, eta biek garbi dute enborren araberakoa izango dela, baina 35 eta 40 minuturen bueltan ibiliko direla diote. Enborrak nolakoak izango diren ere ez omen dute batere kezkarik, biak bigunekin zein gogorrekin arituak direlako entrenamenduetan.

Biek dute irabaztea helburu, normala den moduan, baina hori lortu ezean, itxura ona eman nahi dute, eta ahalik eta lanik onena egin. Plazan ere ohituak daude, eta horrek ere ez die batere kezkarik ematen, nahiz eta apustua izanik gauzak zertxobait alda daitezkeen. Nerbioak galtzen ez badituzte, seguru asko, gozatzeko moduko ikuskizuna eskainiko diete zaleei bi gazte nafarrek.

Lana

Aizkolari bakoitzak zortzi enbor kana-erdiko eta bi oinbiko moztu beharko ditu. Bi handiak eta bi kana-erdiko Kañamares III.ak eramango ditu plazara. Gainerakoak Xabier Mindegiak

Eskarmentua

Mindegiak bigarren apustua izango du etzi jokatuko duena. Aurrekoa Otañoren aurka galdu egin zuen. Kañamaresek, berriz, jokatzen duen lehen desafioa izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo