Haur lapurtuen auzia ikertzeko batzordea, senideen nahigabea arintzeko lehen urratsa
Haur lapurtuen auziak, jakina, haur horien senideengan du eragin nagusia, eta ezinezkoa da familia horien nahigabea guztiz arintzea. Hala ere, ahal den neurrian, egia osoa jakitea, erreparazioa eta familia horiei laguntzea gizarte osoaren beharrizana dira, eta herri erakundeek aitzindari eta gidari behar dute izan hartarako. Horregatik, atzo Gasteizko Legebiltzarrak onartu zuen proposamena urrats garrantzitsu eta beharrezkoa da. Seguru asko, familia horienganako arreta eta babesak erakundeen jarrera uzkurrarekin topo egin izan dute oraintsu arte; nolanahi ere, talde guztiek onartutako batzordea babes horren erakusle ez ezik, egia eta erreparaziorako bideko lehen urratsa ere bada. Batzorde horrek 1940. eta 1990. urteen arteko lapurretak eta legez kanpoko adopzioak izango ditu ikergai, eta espero izatekoa da haur lapurtuen familiek orain artean izan dituzten oztopoak gainditzeko tresna egokia izango dela eta, halaber, aurrerantzean haur lapurretarik gerta ez dadin mekanismoak sortzeko aukera. Auzi triste hori gordinkien bizi duten lagunentzako poz txiki bat; erabateko ziurgabetasunean daudenentzako lasaitasun pitin bat.