Euskal Herriaz arranguratuta dauden gazteen indarrak metatzera deitu du Segik
Euskal Herrian irekitako egoera berriaz hausnarketa egin ondoren, Segik «indarrak metatzera» eta «herri bakar bat bezala jardutera» deitu ditu Euskal Herriaren geroaz arranguratuta dauden gazte guztiak. «Aukeren garaia da eta ezin dugu etxean geratu» adierazi dute.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
«Herri honen askatasunean eta jendarte eredu duin eta justu batean sinesten dugun gazteak bildu eta indarrak metatu behar ditugu, herri bakar bat bezala jarduteko». Hauxe da atzo Segik Baionan helarazi zuen mezuaren muina.
Amaia Elixiri eta Txomin Catalognek gogora ekarri zituzten Euskal Herrian azken hilabeteetan izandako aldaketa garrantzitsuak, eta etorkizuna eraikitzeko erronken aitzinean zenbait eragilek «oraindik itsuarena egitea» sinestezintzat jo zuten.
«Marrazten ari den panorama berria baikortasunez ikusten dutela adierazi zuten, betiere «zapalduak izaten jarraitzen dugula, lan anitz gelditzen zaigula eta etsaiek ez digutela oparirik eginen» jabetzen direla argi utzita.
«Askapen nazionalaren eta sozialismoaren aldeko mugimendua indartsu badago, hein handian gazteriak borroka horretan aspaldi bere lekua hartu duelako» izan dela nabarmenduta, egoera berri honetan ere gazteriak asko ekar lezakeela eta ekarriko duela ziurtatu zuten bi bozeramaileek.
Erronkari eutsi
Ildo horretan, Segik egin duen hausnarketaren harira, gazteriak erronka hori lortzeko zer egin behar duen azaltzen ez direla hasiko gaineratu zuten. Halere, beren ustetan, «begi-bistakoa den ebazpena» nabarmendu zuten, «Euskal Herri askea eta gizarte justua eraiki nahi duten gazteak biltzeko premia», alegia.
Catalognek eta Elixirik esan zuten, egungoa ez dela «etxean geratzeko garaia»: «Euskal Herriaren nahia errespetarazteko ordua da. Ezin dugu etxean geratu iraganeko aitzakiak baliatuz. Aukeren garaia da eta ezin ditugu alferrik galtzen utzi. Horregatik beren geroaz eta Euskal Herrikoaz arduratuta dauden gazteak gure hausnarketara biltzera deitzen ditugu».
Segiko bi kideen (Naia eta Audrey Lacroix) atxiloketak gogor salatu ostean, «sekula baino jokoz kanpokoagoa den estrategiaren» baitan kokatu zituzten.