Floren Aoiz www.elomendia.com
Erantzunik gabe, hondamendia segurua litzateke
Bide horretatik aurrerago edo atzerago joanen dira, aurrean aurkitzen duten kontrako indarraren arabera. Lehen mailan, erresistentziaren arabera, eta, epe luzera, alternatibak eraikitzeko ahalmenaren araberaGrebarako deia egin dute euskal sindikatuek. Espainolek, berriz, ez dute oraingoz halakorik egin, arrazoiak biltzen ari direlako, nonbait. Orain arte jasandakoa ez omen da aski. Hobeki pentsatu behar dute, jendearen erantzunak neurtu behar dituzte... Ez dute grebarako urratsa egin nahi, argi esateko!
Hagitz tristea da panorama. Euskal Herrian ere egoera itsusia da, eta gehiago ilunduko delakoan nago, krisia izugarria delako, eta are kezkagarriagoak baitira krisia izugarrizko triskantzak egiteko aitzakia gisa erabiltzeko asmoak. Shock doktrinaren aurrean gaude. Gaitz handiaren aurrean, neurri zorrotz eta gogorrak. Begi-bistan dago kolpea ez dela nolanahikoa izanen: batek daki noraino iritsiko den! Finean, krisia agenda neoliberal bortitzena inposatzeko parada da eta ahalik eta min handiena eginen dute. Ahal dutena. Ez, egin nahi dutena. Ez da garrantzirik gabeko ñabardura. Aberastasuna bildu eta jende askorengandik gutti batzuengana pasatzeko operazio erraldoiaren aitzinean gaude. Hau da krisiaren mozorroz agertzen zaigun etsaia: kapitalak aukera berriak bilatzen ditu, azken hamarkadetan jende askok bildu duena bereganatuz. Mundu mailako operazioa da, ez da gure inguruan soilik gertatzen ari. Eta ez da atzo hasi, aspaldi baizik.
Lehia honetan, kapitalak ondare guziak merkantilizatu eta errentagarri bilakatu nahi ditu, dena jarri nahi du merkatuaren menpe. Ez du zerbitzu publikorik nahi, zeregin errepresiboetan mugatzen diren estatuak baizik. Merkatuen interesen araberako instituzio eta eragileak bermatu nahi ditu: Europar Batasuna eredu ederra dugu! Soberan daude langileak eta, oro har, herriak lortutako aurrerapen eta eskubideak. Krisiaren salbuespen giroak hau dena bertan behera uzteko koartada eskaintzen die eta gogotik ari dira baliatzen.
Baina bide horretatik aurrerago edo atzerago joanen dira, aurrean aurkitzen duten kontrako indarraren arabera. Lehen mailan, erresistentziaren arabera, eta, epe luzera, alternatibak eraikitzeko ahalmenaren arabera. Gerla desorekaturik dago, morroi asko baititu kapitalak, baina lehia ezin da galdutzat eman: posible da uholdeari aurre egitea. Egin daiteke eta, batez ere, egin beharrekoa da, beste aukera guziak makurragoak direlako.
Gauzak horrela, Euskal Herriko egoera eta Espainiakoa oso ezberdinak dira. Hemen estrategia neoliberalari aurre egiteko borondatea badago. Jende askok geldiarazi nahi du erasoa eta aunitz eta eraginkorrak dira, halaber, jarrera hori hartu duten eragile politiko eta sindikalak. Deitutako greba honen adierazpen argia dugu. Espainian, berriz, neoliberalismoaren nagusitasuna esparru gehienetara hedatzen da. Zer esanik ez maila sindikalari dagokionez! Tamalez, bizkarrezurrik gabe, egitasmorik gabe dago espainiar ezkerra. Guk, euskal herritarrok, ordea, aukera batzuk ditugu. Baliatu ditzagun gure aukerak, honenbestez, ez baitira nolanahikoak! Eta argi izan dezagun bidea geure erabakiak hartuz eginen dugula, menpekotasunean ez baitago etorkizunik. Goazen ba, grebara!