GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Zesar Martinez, Marta Luxan, Juan Ignacio Arrieta (*) Joxemi Zumalabe Fundazioko kideak

Herri mugimenduak eta Zumalabe Fundazioa

Beste bizimodu eta jendarte-eredu bat eraikitzea, azken finean, ez da dekretuz edo goitik behera etorriko den zerbait; guk geuk geure esku, bihotz eta buruarekin eraikiko dugun zerbait baizik

Euskal Herrian bestelako jendarte-eredu baten alde lanean ari diren herri mugimenduak laguntzea, horixe izan da Joxemi Zumalabe Fundazioaren helburua sortu zenetik. Hau da, Euskal Herriko herri ekimen, talde eta mugimenduek egiten duten ekarpen sozial eta politikoa ikusaraztea, sendotzea eta merezi duen errekonozimendua ematea. Asmo horiekin, 1996ko apirilean lagun talde batek Fundazioa sortu eta lagun zuten Joxemi Zumalabe Goenagaren izena jartzea erabaki zuten. Joxemi Donostian jaio zen 1950ean, gaztetatik bere herriak bizi zuen egoerarekin konforme ez, eta hori aldatzeko lanean jardun zuen buru-belarri. «Argia» aldizkaria aurrera ateratzen lan handia egin zuen, baita «Euskaldunon Egunkaria» proiektua sustatu kioskoetara eraman arte. Beste hainbat ekimenetan ere jardun zuen, baina, zoritxarrez, gaitz batek eraman zuen 1993ko urtarrilean. Joxemi bera eta herrigintzan egin zuen ekarpena gogoan izateko jarri zitzaion bere izena Fundazioari.

Fundazioak ibilbide oparoa egin zuen 1996tik 2008ra: Fite! Buletina, hilero herri mugimenduen ekimenen berri ematen zuena. Herri Mugimenduaren Gida, 1.500 eragileren argibidea eman zuena. Kolektiboei eskainitako ikastaroak, azpiegiturak eta haiekin batera antolatutako Eztabaida Jardunaldiak. Horrekin batera, eragile ezberdinen arteko elkarlan-prozesuak koordinatu eta dinamizatu zituen; Herria Mugi ekimena: «Gizarte aldaketa bilatzen dugun taldeok elkarlanerako eta elkar ezagutzarako guneak behar ditugu, komunean duguna elkarren babesean gauzatzeko»; Arrosa Irrati Ekoizpen Zentroa, 20tik gora irratiren elkarlanari esker sortua; Mundua Euskal Kulturan, etorkin elkarteak eta euskalgintzako eragileak bildu zituena. Euskal Herriko Foro Soziala: talde ugari bildu zuena Foroaren sortze prozesuan zein 2003ko Topaketetan.

Ordurako jada Fundazioak ezaguna zuen Espainiako Estatuaren errepresioa; 2000. urtean, Auzitegi Nazionalak 18/98 auziaren barruan inputatu eta, Fundazioko kideekin batera, beste hainbat lagun kartzelatu eta epaitu zituzten herri ekimena kriminalizatzea eta jarduera politikoa delitutzat jotzea helburu zuen makro-sumarioan. Jazarpena, atxiloketak eta epaiketa kolpe gogorrak izan ziren Fundazioaren lan-dinamika goitik behera baldintzatu zutenak, ordura arteko egitasmoak gelditu eta defentsa lanetan murgiltzea ekarri zuten. Oinarrizko eskubide zibil eta politikoen aldeko «18/98+ lan taldea» koordinatu zuen JMZ Fundazioak 2008ra arte. Auzia absoluzioarekin itxi bazen ere, epaiketa zentzugabe horrek indarrean dagoen hegemonia ideologiko eta instituzionalarekin bat ez gatozenak zigortzea eta beldurtzea bilatzen zuen, disidentzia politikoa desmobilizatzea.

Ondorioa argia da: euskal herritar pasiboak eta otzanak nahi dituzte. Baina, errepresioak sortutako minak eta injustiziak ahuldu gintuela onartuta ere, hemen gaude esateko errepresioak ez duela bere helburua lortu. JMZ Fundazioak, gogoeta prozesua egin eta gero, bere lantaldea zein proiektua berritu ditu eta herri mugimenduetako kideekin zein herrigintzan ari diren eragileekin lan egiten jarraitzeko prest duzue. Aktibismo sozio-politikoa sustatzea eta kolektiboen arteko gogoeta eta elkarlan estrategikoak erraztea, horixe izango dugu hemendik aurrera ere ipar eta ilusioa. Izan ere, auto-antolatuta dagoen herriak bere bilakaeran eragiteko gaitasuna duela sinisten dugu, bere etorkizuna gidatzeko ahalmena duela. Euskal Herrian badugu mobilizatzeko eta herri ekimenez proiektu sendoak sortzeko gaitasuna, baina kultura honen transmisioa, bereziki belaunaldien arteko transmisioa, elikatu eta zaindu beharreko kontua iruditzen zaigu.

Ezaguna dugu euskal herritarrok herri bezala bizi dugun ukazioa, eta badira maila berean pairatzen ditugun beste ukazio eta subordinazio moduak ere, patriarkatuaren eta kapitalismoaren errealitateak ezartzen dizkigunak. Baina, menpekotasun modu ezberdinek erresistentzia modu eta borroka anitz sortzen dituzte: emakumeena, langileena, ekologistena, baserritar eta nekazariena, euskalgintzarena, errepresioaren kontrakoa, elkartasun internazionalistarena, homofobiaren kontrakoa, anti-militarismoarena, gazteena eta ikasle mugimenduarena, arrazakeriaren kontrakoa...

Azken finean, subordinazio eta diskriminazio modu anitz sortzen dituen eredu baten aurrean gaude. Hitzetik hortzera dabilen krisia ez da krisi ekonomikoa bakarrik, zibilizazio oso baten krisia da, bizimodu eta jendarte-eredu patriarkal, inperialista eta kapitalistaren krisia. Horrexegatik, inposaketa eta eskubide urraketa ezberdinen kontra mobilizatzeaz gain, eta politika zein egitasmo elitista eta desarrollisten aurka borrokatzearekin batera, ezinbestekoa dugu merkatu kapitalistaren logikatik at dauden ekimen, sare eta espazioak indartzea: baserritar eta kontsumo-taldeak, birziklapenaren inguruan sortzen diren kooperatibak, euskara elkarteak, gaztetxeak eta kulturaz gozatzeko eta sortzeko dauden espazio autogestionatuak. Bai eta beste hainbat arlotan lanean ari diren ekimenak gure beharrizan nagusiak gizalegez eta autoantolakuntza herrikoiaren bitartez asebetetzeko ere, eta ez diru-legez edo etekinaren logika kapitalistaren bitartez.

Beste bizimodu eta jendarte-eredu bat eraikitzea, azken finean, ez da dekretuz edo goitik behera etorriko den zerbait; guk geuk geure esku, bihotz eta buruarekin eraikiko dugun zerbait baizik. Izango bada, auzolanean, behetik eta denon artean, gauzak beste modu batez egiteko eta antolatzeko prozesu etengabea izango da. Gonbita luzatzen dizuegu, beraz, JMZ Fundazioaren etapa berriaren aurkezpenera eta ospakizunera, datorren martxoaren 17an, Zarauzko Putzuzulon. Askeago egiten gaituzten borrokak, bertan behera lagatzen ez ditugunak direlako.

(*) Artikulu hau sinatzen dute ere patronatukide ohiak diren Fernando Olalde, Carlos Trenor, Susana Martinez, Iñaki O'shea, Sabino Ormazabal, Olatz Altuna, Alberto Frias, Begoña Uharte eta Mario Zubiagak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo