Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Utopiaren utopia (II)
Azken batean, Marxek aurreikusten zuenaren arabera, iraultza ostean sistema bati (kapitalismoa) haren aurkakoa (langileen diktadura) jarraikiko zitzaion, eta azken honen ondotik etorriko zen behin betiko gizarte eredua, zeinetan klase sistemak ez zuen tokirik ez zentzurik izango. Gizaki garaikidearen frustrazio nagusia da, baina jarraikortasun teoria horren azken begira iritsi nahi izatearen desira eta ezina. Iraultzek ezertarako balio duten galdetzen dute batzuek; utopia hutsa ez ote diren galdetzen dute besteek.
Aurreko astean Hannah Arendten hitzak aipatzen genituen; nola iraultzak gizarte modernoan duen esanahia Frantziako Iraultzan kokatzen zituen. Bada, filosofo alemaniarrak adierazpenok egin zituenean (Arabiar udaberria bezalakorik gerta zitekeela inoren burutik pasatzen ez zen garaian), argi zeukan iraultzak etorkizun handirik ez zuela izango, baldin eta, batetik, aurreko sistemarekiko erabateko apurketa moduan ulertua bazen eta, bestetik, indarkeria hura aurrera eramateko modu bakarra zela pentsatzen bazen.
Arendtek argi zeukan indarkeria eta politika erabat antagonikoak direla, indarkeriak eztabaidarako aukera oro isilarazten duelako.
Lehen puntuan, Arendetek nolabait bat egiten du Gramscik esandakoarekin. Hots, sistema arras konplexua da kolpe bakarrean dena pikutara bidali ahal izateko. Zentzu horretan, pentsalari italiarrak esaten zuen gerra zuzena egitea ezinezkoa dela gaur egun, hain zuzen etsaia singularra izatetik anitza izatera igaro delako. Horregatik, estrategia eta maniobraren alde egiten du berak. Fredric Jamesonentzat, baina, hori ez da nahikoa.