GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

PSNk interes politiko alderdikariak hobesten ditu

Atzo, PSNren jokaera dela-eta, ezustea izan zen Iruñeko udaletxean, Angel Berruetaren senideek eta Angel Gogoan plataformak Bildu eta Nafarroa Bai taldeen bidez aurkeztutako mozioaz eztabaidatzeko saioan. Mozioaren lehen puntuak egia, aitorpena eta erreparazioa eskatzen zituen, eta bigarrenak Donibane auzoan plaka bat jartzea, Berruetaren oroimenez. Senideak eta auzokoak joan den astean udal talde gehienekin bildu ziren, eta Bildu eta NaBairen babes osoa jaso zuten; UPNk, berriz, proposamena aztertuko zuela esan zien, eta PSNk balitekeela lehen puntua onartzea baina bigarrena ezetz. Atzo, ordea, PSN abstenitu egin zen bi puntuen gaineko bozketa egin zutenean, eta 2004an Berruetaren okindegian gertatutakoa «gaitzesteko» proposamena aurkeztu zuen, kaleko liskar arrunta izan balitz bezala, baita udalbatzak onartu ere. Ez da batere zaila proposamen horren asmoa zein den sumatzea. PSNk egia, aitorpen eta erreparazioaren alde, alegia nazioarteko hitzarmenen arabera giza eskubidea denaren alde, agertu beharrean, Berruetaren sendiaren sufrimenduaren erabilpen politiko makurra egin zuen eta, beste biktima mota batzuekin izan ohi duen jarreraren ordez, Berruetaren familiari muzin egin zion. Hartara, atzo Iruñeko udalbatzan gauza bat geratu zen argien; alegia, PSNk interes politiko alderdikariak hobesten dituela giza eskubideen gainetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo