GARA > Idatzia > Kultura

HAUR LITERATURA

Adiskide bat badut

 

Xabier ETXANIZ ERLE

Duela hamar-hamabost bat urte argitaratu zituen Juan Luis Zabalak gazteentzako bi liburu, eta harrezkero ez du haur eta gazteentzako lanik plazaratu 2011ko abendura arte. Kazetari lanak nahiz helduentzako nobelak eta ipuinak idatzi dituen egile honek berriro ere bisita egin dio haurren munduari. «Zabaleko txorimaloa» ipuinera hurbiltzen den irakurleak hasieratik bertatik nabarituko du idazlearen afizioa, gauzak kontatzeko duen abilezia eta, zenbaitetan, poetikotasuna. Liburuko protagonista bederatzi urteko mutiko bat dugu, liburu hasieran adierazten digun bezala: «Hamabi pisuko eraikin bateko hamargarren pisuan bizi nintzen, amarekin, herri handi samar baten errebaleko auzoan. Auzoa ez bezala, nahiko bakartia nintzen garai hartan, bederatzi urte bete berriak nituenean».

Eta ikusi ahal izan dugun bezala, lehen pertsonan kontaturiko istorio honetan Ikerren gorabeherak ikusi, sentitu eta bizi ahal izango ditugu. Mutiko isila eta lotsatia dugu Iker, amarekin bakarrik bizi dena eta egunero eskolara bakarrik joaten dena; eta hain zuzen bidaia hori, etxetik ikastegira eginiko bidaia, izango dugu istorio honetako agertoki nagusia. Ikerrek etxetik eskolarako bidean Zabale baserri ondotik pasatu behar du eta bertan dagoen txorimaloari hitz egingo dio handik pasatzean. Poliki-poliki lagun berriari kontatuko dizkio eskolako kontuak, bere sentimenduak, nola dagoen... izan ere, baserriko andreak Ikerri esan bezala: «Batzuetan txorimaloarekin hitz egiten dut. Bai. Ozen mintzatzen gara biok. Txorimalo hau oso entzule ona da, eta batzuetan entzun ez ezik, hitz egin ere egiten du» (32. or.). Eta bien bitartean irakurleak ikusi ahal izango du Ikerren bizitzaren inguruan ere badirela beste lagun, pertsonaia, batzuk; horien artean, Maider, beti laguntzeko prest duen lankidea, «haren edertasunak aztoratu» egiten bazuen ere.

Zabalak komunikazio falta ri buruzko hausnarketa egiten du ipuin honetan, lotsatia den umearena, ez dakiena oso ongi nola jokatu: «Kanpalekuan oso deseroso sentitu nintzen hasieratik. Zer esan eta zer egin ez jakiteaz gain, beste zalantza asko pilatu zitzaizkidan: zer talderekin lo egin, noren ondoan eseri otorduetan, noiz aldatu arropa...» (44. or.); eta egoera horri buelta emateko guztiz lagungarria gertatuko zaio Maiderren adiskidetasuna, neskaren eskaintza. Horrela, Maiderren laguntzari esker Iker gero eta ausartagoa izango da, eta adiskidetasun hori txera edo maitasun bilakatu azkenean (bederatzi baino hamalau urteko ume protagonista baten kasuan egokiago izan daitekeena).

Liburua, beraz, adiskidetasunaz, konfiantzaz, bakardadeari buruz ari da, eta gaia eta idazkeraren tonu hori ederki islatzen da Maite Gurrutxagaren irudietan. Ilustrazio lan gutxi egin arren, bere estiloa azaltzen digun irudigile honen lanetan protagonistaren tristura, bakardadea, paisaiaren aurrean txikitasuna, baina baita konplizitatea, desioa eta iradokizunak ageri zaizkigu; irakurleak testutik harago, irudian ageri denetik haragoko irakurketarekin goza dezan. Izatez, «Zabaleko txorimaloa», irakurriz, ikusiz gogoeta eginaraziko digun istorio bitxi eta ederra baitugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo