Cristobal Balenciaga museoak 35 jantziko dohaintza baliotsua jaso du
GARA | GETARIA
35 lanez osatutako dohaintza egin diote Lopez-Ibor ahizpek Cristobal Balenciaga museoari, «oso ondare-sarrera esanguratsua, kopuru eta kalitate aldetik», fundazioko kideen esanetan. Izan ere, bere bilduman ordezkatuta ez zeuden garaietako lan adierazgarrienetako zenbait biltzen ditu. Espainiar Estatuko psikiatria arloan erreferente den Juan Jose Lopez-Ibor-en alabek egin diote 35 jantziko opari baliotsu hori Getariako museoari. Jantziak beren ama zenarenak ziren, Socorro Aliñorenak. Iragan mendeko 30eko hamarkadakoak eta 60ko hamarkadaren lehen erdialdekoak dira, egunekoak, koktelekoak zein gauekoak. Bada 40ko hamarkadaren erdialdeko pieza bitxi bat ere, «déshabillé» izendatutakoa. Hutsune handia beteko dute museoaren bilduman. 1.290 pieza dauzka orain, eta, mundu mailako Balenciagaren sorkuntzen bilduma handiena izateaz gain, garrantzitsuena ere bada.