La Veronalek dantzaren mugak zabaldu, eta «Rússia» sortu du, inoiz amaitzen ez den bidaia
Gutxirekin anitz erran daiteke, eta auto bat dagoen lekuan errepidea irudikatu, Errusiako neguko paisaia bortitzak. Hala estimulatu nahi du La Veronal konpainiak publikoa, agertokiko «road movie»an sar dadin.
Maider IANTZI | DONOSTIA
«Gure harremanak ez dira gertatzen guk hala nahi dugulako. Ez dira gertatzen harreman horietatik plazera atera nahi dugulako, baizik eta beldurra dugulako», ohartarazi zuen Andrei Tarkovskyk. Beldurraren irudikatze grafikoa da «Rússia», La Veronal konpainia kataluniarrak Donostian aurkeztuko duen ikuskizun berria. Marcos Morau zuzendariak azaldu zuenez, zinemako elementuak, literatura, dramaturgia, interpretazioa eta dantza nahasten dira bertan, baina argi dago zein den helburu nagusia edo gauzarik garrantzitsuena: mugimendua. Gainerako guztia horren zerbitzura dago. Gaur, 20.00etan Victoria Eugenian, ikusten ahalko da road movie batetik abiatzen den emanaldia, Cesc Gay zinema zuzendariaren laguntzaz egina; 22, 16 eta 10 euroan eskuratu daitezke sarrerak. Master class bat ere emanen du La Veronalek gaur, 12.00etan Artelekun, Dantzagunearekin elkarlanean. Lorena Nogal «Rússia»ko antzezleetako batek emanen du bereziki dantzariei zuzendutako eskola.
Baikal aintzira, Siberiako hegoaldean kokatua, munduko lakurik sakonena da; hainbertze ur biltzen du, lurrazalean zabalduz gero hogei zentimetroko geruza batez estaliko bailuke dena. Bertatik 4.000 kilometrora hasten da ikuskizun honetako istorioa, Tula hirian, Errusiaren bihotzean, bikote batek, Andreik eta Ninak, beren bizitzako bidaiarik luzeena egitea erabakitzean. Road movie klasikoetan bezala, bidaiak euren buruari buruzko zerbait berria irakatsiko die protagonistei, abentura abiatu aitzinetik ezagutzen ez zutena.
Zehatzago errateko, bi istoriok bat egiten dute «Rússia»n: alde batetik, bikotearen abentura dago; bertzetik, sorkuntza prozesu baten barrunbeak agertzen dira. Prozesu honetan, zuzendariaren, gidoilariaren edo errejidorearen erabakiek bidaiak norabide bat ala bertzea hartzea ekarriko dute: lakura iristea ala ez, emozionalki aitzinera edo gibelera egitea... Dena den, lanaren aurkezpenean jada azaldu zuten pertsonaiak ez direla aintzirara behin ere ailegatuko, inoiz ez bukatzeko bokazioarekin sortua baita ikuskizuna.
Tanya Beyeler aktoreak agertu zuenez, Errusia aukeratu dute bidaia kokatzeko, amaigabea delako eta hutsunearekiko beldurra sor dezakeelako. «Paisaia hagitz zurrunak ditu, hagitz negu bortitzak eta marko edo giro horrekin jolastu dugu». Ikuslearekin ere jolasten dute, honek ikusi gabe irudikatu behar baititu lurralde horiek. Auto bat, zazpi dantzari, argia, musika eta eszenak, ez dute bertzerik behar publikoa dantzaren ahalbideak eta mugak zabaltzen dituen lan honetan sarrarazteko.