Aizkora Urrezko lehiaketa
Iazko finalaren errebantxa jokatuko dute Galdakaon
Azurmendi eta Atutxa Arrospideren eta Mugertza II.aren aurka neurtuko dira bigarren finalerdian, eta irabazleak hemendik bi astera finalean izango dira.
Jon LEUNDA
Galdakaoko Kurtzea kiroldegian erabakiko da Urrezko Aizkorako bigarren finalerdia. Bihar, 12.00etatik aurrera, Azurmendi eta Atutxa Mugertza II.aren eta Arrospideren aurka neurtuko dira. Garaipena lortzen duenak finala jokatuko du hamabost egunera Azpeitian, Otañoren eta Otaegiren aurka.
Bi bikote on eta handi izango dira lehian, baina Azurmendi eta Atutxa agertzen dira faborito. Aurtengoan ez zuten uste bezain hasiera ona izan, baina badirudi neurria hartu diotela lehiaketari, eta txapelari eutsi egin nahi diote aurten ere, edo txarrenera ere, azkeneko egunera bitarte saiatu nahi dute. Zaila izango da azkeneko probara bitarte ezer erabakitzea, nahiz eta bien helburua horixe izango den. Zutikako lanean maisua da Arrospide eta saiatuko dira hor ahalik eta zulorik handiena zabaltzen.
Iraupen proban oso ongi moldatzen dira txapeldunak, eta badakite lan horretara parean sartuz gero, irabazteko asko izango dutela. Beste aldean ere oso ongi ibili dira bai Arrospide bai Mugertza. Leaburukoa urteetan aurrera doa, baina oraindik binakako probetan goi mailan jarraitzen du, maisua izan baita eta oraindik ere horrela da. Alboan gazte bat izateak freskotasuna ematen dio bikoari, eta Mugertzak ez diola hutsik egingo ere badaki Anjelek. Finalerdi hau iazko finalaren errepikapena izango da, hauek izan baitziren Azpeitian txapelaren lehian aritu zirenak. Orduan Azurmendik eta Atutxak irabazi zuten, eta bihar ere faborito aterako dira. Lehiaketa hasi zenean ere, zaleen ustez, bikorik onenetarikoak ziren aurtengoari begira, eta bietako inork ez du hutsik egin, nahiz eta gorabeheraren bat edo beste izan duten. Aurten bietakoren batek ez du Azpeitian egoterik izango, bihar galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko baitu. Bikote bakoitzak sei lan egin beharko ditu saioan zehar, eta horietan emandako denborak batu ostean jakingo da finalean zein sartuko den.
Gazteak
Bihar Galdakaora joaten direnek ez dute maila nagusiko lehia bakarrik ikusiko, gazteen mailakoa ere jokatuko baita. Eneko Otaño eta Etxeberria II.a Vicente II.aren eta Olano II.aren aurka neurtuko dira. Bientzat oso lehia garrantzitsua izango da, galtzen duenak finalean izateko ia aukerarik ez baitu izango. Eneko Otañok iaz txapela jantzi zuen Zabaletarekin batera, eta aurten ere Azpeitian izan nahi du, baina horretarako biharkoa irabazi beharra dauka. Gazte hauen demak orain arte ikusgarriak izaten ari dira, eta bihar ere horrela izango da. Bikote bakoitzak hiru lan egin beharko ditu saioan zehar.
Bihar eguerdian 12.00etatik aurrera jokatuko da Doneztebeko pilotalekuan Julen Kañamaresen eta Xabier Mindegiaren arteko apustua. Neurketa honek sekulako ikusmina sortu du, eta hori gero eta nabariagoa da aizkolarien inguruko herrietan.
Bakoitzak zortzi kana-erdiko eta bi oinbiko moztu beharko ditu eta 3.000 euro izango ditu jokoan. Jendea ere ari da pustuak egiten, baina badirudi oraingoz nahiko parean dagoela dirua, ez baitute ikusten faborito garbirik. Gazteak izanik, gainera, apustuak ematen duen presio horrek ere gauzak alda ditzake, eta hori guztia kontuan hartzen ari omen da jendea. J.L.
Bikote bakoitzak sei lan egin beharko ditu, eta guztietako denborak batu ostean, onena duenak lortuko du Azpeitiko egun handian izateko txartel preziatua.
Galdakaoko saioan gazteen dema ere erabakigarria izango da. Eneko Otaño eta Etxeberria II.a Vicente II.aren eta Olano II.aren aurka neurtuko dira.