Sokatira
Zortziko Txapelketako azken bi finalak jokatuko dira Arrigorriagan
J.L.
Gaur amaituko da Goma Gaineko Zortziko Euskadiko Sokatira Txapelketa, Arrigorriagan, 17.00etan hasita. Zortzigarren eta azken saioa jokatuko da, eta gizonezkoak zein emakumezkoak ariko dira lehian. Gaurko saioak, gainera, badu berez duen garrantziaz aparte, beste osagarri gehiagarri bat; izan ere, heldu den astean Munduko Txapelketa jokatuko da Eskozian, eta hara joko dute zortzi klubek, ostegunean, otsailak 23, hasiko baita kluben arteko txapelketa.
Gaur, 560 kiloko finala jokatuko da. Abadiño, Amaiur, Basaburua-Imotz, Berriozar, Ibarra, Ñapurrak, Sokarri eta 6 Conceyos lehiatuko dira. Jokatu diren hiru finaletatik bi irabazi ditu Abadiñok, eta bat, Ibarrak. Bizkaitarrak dira faborito gaurko saiorako, baina ez du aurkari faltarik izango. Sokarri eta Amaiur ere faboritoen zerrendan zeuden, eta orain arte bietako inork ez du txapelik jantzi. Bietako bat gutxienez, gainera, txapelik gabe geratuko da. Hauek ere zerbait egiteko azkeneko aukera izango dute gaurko finalean.
Emakumezkoen 500 kilokoan, ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da. Badaiotz, Sakana, Ibarra, Berriozar eta Bizindar lehiatuko dira. Orain arteko bi ekinaldietan emaitza berak izan dira, eta bietan garaile atera da Badaiotz.
Gasteiztarrei txapela kentzea oso zaila izango da. Bigarren ateratzea nahikoa dute txapela ziurtatzeko, eta orain artekoa ikusita ez dirudi hortik behera joango direnik. Hirugarren atera eta Sakanak irabaziko balu, puntutan berdin geratuko lirateke, eta kitarakoa jokatu beharko lukete. Hori gertatzea, ordea, ezuste handia izango litzateke denentzat. Nesketan bi pisutan izaten dira saioak, eta jadanik titulu bat eskuratuta dago Badaiotz. Datorren asteko Munduko Txapelketan ere urrezko dominaren bat golkoratu nahi dute, eta bi lortuko balituzte ere, ez litzateke inongo ezustea izango.