Erreferenduma Letonian, errusiera hizkuntza ofizial gisa onartu ala ez ebazteko
Errusiera hizkuntza ofizial gisa onartu ala ez bozkatuko dute, erreferendum bitartez, Letoniako herritarrek. Ekimen honek errusiarren itxaropena piztu eta abertzaleen haserrea eragin du.
GARA | DAMASCO
Letoniako herritarrak errusiera bigarren hizkuntza ofizial izendatu nahi duten ala ez bozkatuko dute gaur erreferendum bidez. Letonian errusieraz mintzatzen den gutxiengo handi bat bizi da.
Baiezkoaren aldekoek, bozketa honekin, euren ustez jasaten duten diskriminazioa etetea espero dute. Kontra daudenek, aldiz, Letoniaren askatasuna bermatzeko ezezkoa bozkatu beharra dagoela uste dute.
Erreferendumaren emaitza ofizialtasunaren aldekoa izateko aukerak oso murritzak dira. Izan ere, Letonian bizi diren biztanleen %27 soilik dira errusiarrak, eta errusiera bigarren hizkuntza ofiziala izan dadin, gutxienez 770.000 pertsonak (%50ek) eman behar dute aldeko botoa.
Esperantza ez dute galdu, ordea. Iazko iraileko Parlamenturako bozetan, Errusiaren aldeko oposizioak parlamentuko eserlekuen ia herena erdietsi zuen, arrakasta historikoa lortuta.
Hala ere, alderdiak ezin izan zuen gobernu koalizioan sartu, batik bat, Vladimir Putin lehen ministro errusiarraren alderdiarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren ondorioz.
Erreferenduma Errusiaren aldeko Vladimiro Lidermansek zuzendutako Ama Hizkuntza izeneko mugimenduaren eskariz abiatu zen, hautesleen %10en sinaduraren babesaz.
Letoniako abertzaleen ustean, ordea, mugimendu honek, Kremlinen laguntzaz, herrialdea lokatzetan hondoratu nahi du.
Andris Berzinz Letoniako lehendakariak telebistaz emandako hitzaldi batean baiezko boza «Letoniaren aurkako boza» dela adierazi zuen.