Public Enemy, Bebe, Bloody Beetrots eta Sepultura, aurtengo EHZ festibalean
GARA | BAIONA
Ekainaren 29tik uztailaren 1era Euskal Herria Zuzenean festibala iragango da Heletan. Udako bestarako gogoa pizteko, egitarauan izango dituzten hainbat talderen izenak aurkeztu dituzte. Esne Beltza euskal taldearekin batera Public Enemy, The Bloody Beetrots, Bebe eta Sepultura ere izanen dira. Bost izen hauek espero daitekeenaren aitzin-gustua besterik ez dira; izan ere, 60 ekitaldi inguru izanen dira aurtengo jaialdian.
Inauteri garaia baliatuta, antolatzaileek eskaintza berezia egin dute. «Inauteri pass» izena duen sarrera atera dute, horrekin hiru egunerako txartela 40 euroan erosteko aukera bada. Eskaintza berezi hau lehenengo eskatzen duten mila lagunek bakarrik eskuratu ahal izango dute webgunera sartuta.
Public Enemy
Public Enemy-k, musika zein engaiamendu politikoarengatik ezaguna den talde estatubatuarrak, bere hip-hop erritmoa ekarriko dute Euskal Herrira.
Elektro eszenako artista garrantzitsuenetarikoak, hots, The Bloody Beetrots italiarrak, kaleratu duten bigarren lan luzea aurkeztera etorriko dira.
Sepultura talde brasildar mitikoaren doinu indartsuak zabalduko dira Heletako pentzeetan. Horrekin batera izanen dira Bebe artista valentziarra eta mundu osoan zehar bere estilo eklektikoa ezagutarazi duen Esne Beltza talde ezaguna.