ORRO ZURI-GORRIAK
Clemente, zirtolari!
Edorta JIMENEZ Idazlea
Itzuli da bai Javier Clemente, itzuli, bereak ohi dituen zereginetara. Eta zelan hezleak zirkura zartailua eskuetan, halaxe dakar mihi gainean -ala miztoan esan behar ote dugu?- hark zirtoa. Zerk eraginda egin duen ez dakigula, lehoien aspaldiko zerak ezker-eskuin eraso du, zirtoa zartailu. Eta iragana eta oraina erasoaldi berean bat eginez, Marcelo Bielsa eta Manu Sarabia astindu ditu, besteak beste. Bigarrena dela-eta esan dituenak, tira! Aspaldiko herrak eta gerrak. Oraingo hezleari buruzkoei, ostera, erabat higuingarri iritzi diet. Ez ei du ezer irabazi Marcelok. Eta ez da egia. Honezkero askoren begirunea du irabazirik, tituluez mintzatzeko lar goiz den otsail honek bere erdia doi gainditurik duenean. Kopako finalean ikusiko da titulurik badakarren argentinarrak. Bitartean Javierrek berak askok izan diogun begirunearen azken hondarra galdu duelakoan nago.
Urre Aroa eta Tituluak ekartzen azken hezlea izan da Clemente, eta beharbada horrexegatik hartzen du zilegitzat bere zirtolari trebetasun ukaezinaz edozeri erasotzea. Urrezko Aroan izan zen orok, ikurrek eurek, orduko dirdira gordetzen dutelakoan. Urrea bera ere uhertu egiten dela gogoan hartu barik. Gogoan hartu barik artean posible zena -Athletic legezko taldeek titulurik irabaztea- gaur egun ezinezkoa baino ezinezkoagoa dela. Horra; hain zuzen ere, berak inork baino hobeto ikasita izan beharko zukeen egia. Titulu haiek eskuratu zituen taldeari laster eroan zizkioten-eta funts-funtsezkoak ziren jokalariak. Handik lasterrera gizonezkoen futbol profesionalak hartuko zuen abiadaren lehenengo urratsa baino ez zen izan Euskolona -Eusko Bartzelona- hura, esaterako. Maiatzeko egun batez Athletici koparen erronka luzatuko dion taldearen aitzindaria. Ustez garaiezina. Madrilgo merengeak legez eta Europan diren beste handi-mandien modura diruaren legeetara aspaldi makurtua.
Horixe baita errealitatea, Javi, 1984ko hartatik hona igaro diren kasik 30 urteek etxeraino ekarri digutena. Futbol talde handienak kapitalistarik handienek eskuratu dituzte eta harmailak faxisten ikurrez eta kantuez hornitu dira, zuri guztiak ez direla irin eta beltz guztiak ez direla ikatz erakutsiz. Futbolaren negozioa noraino dagoen partikularren eskuetan eta partikularrok zein ezaugarri dituzten harro-harro aldarrikatuz, Florentino Perez jaunaren jauntxokeriak eman digu azken adibidea. Begiratu, bai, Irak erraustua berregitera deitu ei zen Perezi, begiratu Italia neo-zeraren Berlusconiri, begiratu Al-Andalusen nagusi dabiltzan jekeei, begiratu gabarrari gasolina sartzeko adina edukiko dugunetz ere zalantzan utzi gaituen krisia eragin dutenei, guztiak baloiaren jaun eta jabe bihurtuak, eta esadazu, Javi, zein titulu eskatu behar diogun Marcelo Bielsari.
Itzuli da ba futbolaren zirkura Javier Clemente, zirtolari. Mihiaz miztoa, miztoaz zirtoa eta zirtoaz zartailurena egiteko prest itzuli ere. Lehoien hezle posible bakarra bera balitz bezala, direnei eta ez direnei erasoz, motz-motz. Zirtoen erreskada ganorazko bertso-sorta balu ikasiko balu, ikasi. Barre behintzat egingo genuke.