Gurasoek eta sindikatuek Paueko bilkura boikotatu dute, murrizketak salatzeko
Paueko Akademia Ikuskaritzaren egoitzan Eskola Kartaren gaineko bilkura zuten atzo, baina saioa datorren martxoaren 5era atzeratu zuten. Berrehun lagun elkartu ziren bertan, murrizketak salatzeko.Ainize BUTRON | PAUE
Atzo eguerdian jarria zuten hitzordua guraso elkarte eta irakaskuntzako sindikatuek, Paueko Akademia ikuskaritzako egoitzaren aitzinean. Eskola publikoetan izango diren lanpostu aldaketak finkatuko dituen Eskola Kartaren gainean eztabaidatzeko bilera zuten Ikuskaritzak eta guraso elkarte eta sindikatuetako ordezkariek.
Departamendu osoan 46 irakasle lanpostu kenduko dituztela-eta, berrehun bat lagunek protestaldia egin zuten egoitzaren aitzinean. Mobilizazioarekin bat eginez, Ikuskaritzarekin biltzekoak ziren sindikatu eta guraso elkarteen ordezkariek bilkura boikotatu zuten. «Bilkura egin ahal izateko kideen gehiengoak bertan izan behar du. Sindikatu eta guraso elkarteetako ordezkariak batuta hamasei gara, beraz, bilera ezin da egin», argitu zuen FCPE guraso elkarteko ordezkari Dominique Roussetek. Egoerak behartuta, ikuskariak martxoaren 5era atzeratu zuen atzoko saioa. Datak ikastetxeen bi asteko oporrekin bat egiten duela-eta, kexu agertu ziren sindikatuak.
Eskola Kartan aldaketak
«Zaila dugu protesta jarraitzea bi astez oporrak baititugu. Orain hautetsiei eta Euskararen Erakunde Publikoari dagokie mugitzea», esan zuen Katy Petrissans SNUipp-FSU sindikatuko ordezkariak. Sindikatuko kideak, halaber, argi utzi nahi izan zuen bilkura horiek ez direla erabakigarriak.
«Ikuskariak du azken erabakia hartzeko eskumena. Lanpostu murrizketak bere esku dira». Halere, iragan astean egindako Eskola Kartaren proposamenean hainbat aldaketa izan dituela jakinarazi zieten atzo sindikatuei. Horien arabera, Ortzaize eta Urdiñarbeko eskoletan postuak mantenduko lituzkete. Aldiz, Hendaiako geltokiko eskolan ez lukete posturik sortuko. Biarritz, Milafranga eta Angeluko eskoletan, berriz, sare elebiduna irekiko lukete.
«Aldaketa horiek ez dute deus aldatzen. Murriztuko dituzten lanpostuak berdinak izaten jarraitzen dute. Ez da irakasle posturik sortuko. Eskola batean kendutakoa beste batera pasatu baizik ez dute egiten. Ministerioaren esku daude postu irekitzeak», salatu zuen, azkenik, Petrissansek. Bestalde, atzo arratsaldean irakasle postuak kentzekotan diren Urdiñarbe, Barkoxe, Lehuntze, Maule eta Montoriko ikastetxeetako gurasoen ordezkariek ikuskariarekin biltzeko aukera izan zuten.