GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskozia «Euskadirentzat eredu» izan daitekeela dio Bilbaok (EAJ)

GARA | BILBO

EAJko eurodiputatu Izaskun Bilbaok atzo adierazi zuen Eskoziaren autodeterminazio prozesua «Euskadirentzat eredu» izan daitekeela. Aldi berean, Europaren aurrean «identitate ekonomiko fidagarri eta eraginkor» gisa agertu behar dela esan zuen, Estatu espainoletik bereizita.

Adierazpenok Nueva Economia Forumeko konferentzian esan zituen, eta Europak estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubidea onartzea «denbora kontua» dela gaineratu zuen, batez ere, «Eskoziak independente izatea erabaki eta Erresuma Batuan deus ere gertatzen ez dela» egiaztatzen duenean.

Iñigo Urkullu EAJko lehendakaria ere antzera mintzatu zen. Generalitateko presidente Artur Masek berriki esandakoaren harira, «Kataluniak egin nahi duena guztiz errespetatzen» duela esan zuen. Masek oraintsu esan berri du ez duela baztertzen independentziaren aldeko erreferenduma deitzea, Madrilek ez badu Kataluniarentzat zerga-ituna onartzen. Presidenteak gaineratu zuen Kataluniak ez lukeela inolako arazorik izango Europar Batasuneko estatu izateko.

Bestalde, jeltzaleek Sanbin Etxean dute zita gaur. Inauteriak direla-eta, urtero legez, Bilboko eraikina «Sabino´s House» bihurtuko dute, «eskoziar herrialde independentea, non Highlandetako gaitak, kiltak eta scotch pie eta whiskya, txalaparta soinuekin eta inauterietako torraden zaporearekin nahastuko den».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo