Urumea Plana abiarazteko eskatu dute Donostiak, Astigarragak eta Hernanik
Azaroko uholdeek larriki kaltetu zituzten arren, geroztik, egoera ez errepikatzeko ezer ez dela egin salatu dute hiru udalerrietako alkateek. Lakuako URA agentziari Urumea ibaiaren gaineko plana eguneratu eta abiatzeko eskatu diote, baita erakunde arteko lantaldea sortzea ere.
GARA | DONOSTIA
Iragan azaroaren 5 eta 6an, Hernani eta Astigarraga herrietan eta Donostiako Martutene, Loiola eta Txomin Enea auzoetan uholde larriak gertatu zirenetik hiru hilabete joan dira. Euri-jasen ondorioz, Urumea ibaiak gainezka egin eta etxebizitza ugari kaltetu zituen. Egun oraindik Txomin Enean, esaterako, hainbat lokalek itxita jarraitzen dute. Geroztik, klimatologiak ez ditu arazoak sortu, baina bertako bizilagunak eta udalak eguraldi iragarpenei begira bizi dira, ziur baitaude baldintzak berak betez gero hondamena berriro gertatuko dela.
Hori dela-eta, Astigarraga, Hernani eta Donostiako udalek eskutitz bat igorri diote Lakuako URA Uraren Euskal Agentziari, «immobilismoa» baztertzera dei eginez, bai eta azaroaren 25ean hainbat erakundek egindako bileran adostutako pausoak ematen hasteko; batez ere, ofizialki Urumea Plana bideratzeko instituzioen arteko mahaia osa dadin eskatzeko.
Andoni Gartzia, Juan Karlos Izagirre eta Luis Intxauspe, hurrenez hurren, Astigarraga, Donostia eta Hernaniko alkateek gogorarazi dutenez, 2004. urtean Lakuako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak Urumea ibaiaren inguruko azterlan bat eskatu zuen, eta 2007an eman zuen horren berri, «Urumea ibaiaren antolamenduaren azterlan hidraulikoa, ibaiaren bokalearen eta Altzueta artekoa (Hernani)» izenburupean. Hala ere, gaur egun, hots, bost urte igaro direnean, lan horiek guztiak egin gabe daudela salatu dute.
Lehentasunezko eskaerak
URAri egindako lehen eskakizuna administrazio guztiak ordezkatzen dituen batzorde bat osatzea da. Lakuak -URA agentziaren bitartez- eta Astigarraga, Donostia eta Hernaniko udalek hartuko lukete parte, bai eta Añarbeko Uren Mankomunitateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kantauriko Ur Konfederakundeak eta Ingurumen Ministerioak (Kosta Zuzendaritza).
Hala, lantaldea eratzeko eta berehala bilera egiteko eskatzeaz gain, «adierazpen orokorrak alde batera utzita», Urumea ibaian bertan egin beharreko lanen artean lehentasunezkoak zeintzuk diren argitzeko eskatu diote alkateek URA agentziari.
Bigarrenik, ekintzen egutegia finkatzeko eta horiek burutzeko erantzukizuna har dezan eskatu diote; hots, «ibilbide orria» finkatzea: «Egin beharreko lanak eta horien aurreko esku-hartzeak gauzatzea sarri eragile baten baino gehiagoren eskumena direnez, eta gure nahia uholdeen eragin suntsitzailea epe ertainean gutxitzeko ekintzak egia bihurtzea izanik, batzorde horretan eragile guztien lana koordinatzeko gutxieneko oinarriak finkatu behar ditugu», eman dute aditzera.
Azkenik, eta Urumearen inguruko plana 2007. urtean egin zela aintzat hartuta, ohartarazi dute hiru udalerriek beren plangintza orokorrak berritu dituztela eta, ondorioz, azterlanean jasotako hainbat proposamen berraztertu egin beharko direla. Hortaz, ikerketa honi osagarria izango litzatekeen beste ikerketa bat atxikitzea iradoki dute.
Bitartean, 2007ko azterlan hidraulikoak zehazturiko 18 ekintzetatik uholdeak ekiditeko onura handienak ekarriko dituzten lanak gauzatu daitezen exijitu dute.
Batzorderako ordezkaria izendatzerakoan «erabaki garrantzitsu horiek hartzeko adinako gaitasuna» duen jendea hautatzeko eskatu diete alkateek erakundeei.