GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surfa

Gondola Txapelketa garrantzitsua Sunseten

Bonga Perkins lehiakidea izan da munduko SUP txapelketako garaile nagusia

p054_f01_184x84.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Munduko Stand Up Padle (SUP) edo gondola txapelketa, Hawaiiko Sunset hondartza ospetsuan izan zen. Otsaileko bigarren astean egin zituzten txandetan olatuak eta haizea ez ziren oso egokiak izan, baina azken egunean itzelezko baldintzak izan zituzten parte-hartzaileek, haize leuna eta olatu garaiak, hiru eta lau metrokoak.

Irabazlea Bonga Perkins hawaiiarra izan zen, birritan munduko longboard txapeldun izandakoa. Gondolarekin ere taula luzearekin bezain ongi ibiltzeko gaitasuna duela erakutsi du.

Bigarren postua Kai Lenny gaztearentzat izan zen. Hawaiiar honek munduko lehen SUP txapelketa irabazi zuen 2010ean, hemezortzi urte besterik ez zituenean, eta ordutik emaitza onak bata bestearen atzetik bildu ditu. Gainera, modalitate anitzetan erakutsi duen abileziagatik da ezaguna. Windsurf eta kitesurf modalitateetan ere oso ongi moldatzen da.

Hirugarren postua berriz, Peyo Lizarazuk eskuratu zuen. Peyo Donibane Lohizuneko surflaria da. Olatu handietan duen esperientzia zabalari esker da ezaguna. Belharran olatuak daudenean ia inoiz huts egiten ez duenetako bat da, eta Europan, SUP modalitateari dagokionean, aitzindarietako bat ere bada.

Peyok emaitza onak lortu izan ditu azken urteetan SUP modalitatean, baina batez ere olatuak handiak zirenean lortu ditu emaitza onenak, eta horixe bera gertatu zen Sunseten, azken egunean itsasoak gora egin zuen eta Peyok bere onena atera ahal izan zuen.

Laugarren postua Ikaika Kalamarentzat izan zen. Hau ere olatu handietako surflaria da, Peyo bezala, olatuak erraldoiak direnean uretako motoen laguntzaz itsasoratu eta olatu erraldoiak hartzen ditu. Gondolarekin ere olatu oso handiak hartzen ditu eta aldizkarietan ohikoak dira bere argazkiak.

SUP modalitatea gero eta indar handiagoa hartzen ari da mundu mailan. Aukera asko eskaintzen dituen modalitatea da, zeren olaturik gabeko lekuetan ere egin daiteke. Euskal Herrian ere gero eta jende gehiagok egiten du modalitate hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo