GARA > Idatzia > Euskal Herria

Konpartsek eskua luzatu diote Bilboko Udalari, Aste Nagusia jai herrikoia izateko

Bilboko konpartsek, inauterien balorazioa egitearekin batera, etorkizunean jai herrikoiak lortzearen alde egin dute. Hartara, Aste Nagusia jai parte-hartzailea izan dadin, Udalarekin elkarlanean aritzeko prest daude.
p020_f01.jpg

Jon ADAN | BILBO

Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako Sailaren zinegotziak adierazitakoaren arabera, «aratuste hauetan parte hartu duen jende eta mozorrotutakoen kopuruak gorakada bikaina izan du. Hiritarrek ereduzko portaera izan dute jaiak behar bezala gozatuz». Programatuta zeuden ekitaldi guztiak burutu izana eta herritarren parte-hartze handia nabarmendu zituen. Baina jai herrikoiak eta benetako parte hartzea eskatu zutenak Bilboko konpartsak izan ziren.

Atzoko prentsaurrekoan Bilboko konpartsek berriro adierazi zuten prest daudela, Aste Nagusiari begira, «egoerari buelta emateko eta elkarlanean benetako jai herrikoi eta parte-hartzaileak bultzatzeko. Guztienak, guztientzako eta guztiekin». Baina, gaineratu zutenez, horretarako ez dute «Azkuna erregina panpoxaren, kotoiaren proba» gainditu beharrik, «Bilboko herriarekin zuzenean lan egiten dugulako, bitartekaririk gabe», esan zuten.

Bestalde, «Azkuna erregina absolutistaren herrialde harrigarri»tik, Bilboko konpartsek aurtengo inauterietan izandakoaren iritzia eman nahi izan zuten atzoko prentsaurrekoan. Kalejira Kale Nagusitik igarotzeko debekuak debeku, eurek antolatutako ekintzetan, aurtengoak ere inauteri parte-hartzaileak izan direla adierazi zuten.

Aurten, hamaika ekintza

Ostegunean, Farolin eta Zarambolasi egindako epaiketa berriro ere herrikoia izatea lortu dutela nabarmendu zuten. Bestetik, Koblakari eta Goloka taldeetako lagunekin Alde Zahar osoan zehar antolatutako «trapuzaharrak» kalejiran giro «animatua eta beroa» izan zela aitortu zuten. Larunbatean, aldiz, desfile alternatiborik ez egitea erabaki zutenez, egun osoko jai erakustaldia antolatu zuten Alde Zahar eta Bilbo Zaharrean barrena, hainbat fanfarre eta batukadaren laguntzaz, 28 konpartsa eta konpartsakide guztiak mozorroturik.

Bestalde, igandeko Tostada eta Pontxe lehiaketak, iazko debekua gaindituta lehenengo aldiz antolatuak, arrakasta izugarria izan zuela adierazi zuten, 50 parte-hartzaile inguru izan baitziren Plaza Barrian. Gainera, Areatzeko karpan, hemezortzi kuadrillek parte hartu zuten indaba lehiaketan, hori ere iaz debekatua eta aurten berreskuratu dutena. Azkenik, asteartean, inauteriak hurrengo urtera arte agurtu zituzten, «pena handiz», Sardinaren hileta eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo