GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainhoa Larrabe, Aiora Mujika Euskal Herriak Bere Eskola-ko kideak

Erasoen aurrean, geure hezkuntza eredua eraiki

Arduraz eta kritikaz jaso ditugu Wert espainiar hezkuntza ministro berriak erakutsitako asmoak

Hezkuntzak herri baten izaera eta garapenean izugarrizko garrantzia du eta horrek balio politiko ukaezina ematen dio. Horren erakusgarri dira gobernu edota administrazio batean aldaketa politikoa izaten denean hezkuntzako alorrean egiten diren erreforma guztiak. Oraingoan ere, horrela gertatu da.

Alderdi Popularrak agintea hartu eta hezkuntzan hainbat erreforma bideratuko dituela iragarri du: DBHko urte bat kendu eta Batxilergoa eta Lanbide Heziketa hiru urtera pasatzea, eredu hirueledunaren indartzea, lurralde «nazional» guztian jakintza komunak ezartzea, Heziketa Zibiko eta Konstituzionala irakasgaiaren ezartzea, unibertsitateetan lehiakortasunerako politikaren indartzea... hezkuntza komunitatean eta jendarte osoan bolo-bolo dabiltzan gaiak dira guztiak. Arduraz eta kritikaz jaso ditugu Wert Espainiar hezkuntza ministro berriak erakutsitako asmoak.

Bitartean, Euskal Herriko heziguneetan, herri honen biziraupen eta garapena arriskuan jartzen duten ereduen aplikazioak aurrera doaz: gure hizkuntza kaltetzen duen eredu hirueledunaren aplikazioak aurrera doa; Vascuencearen Legearen ondorioz euskaraz ikasteko eskubiderik ez duten milaka ikasle daude Nafarroan; ikastetxeetan curriculum arrotzen araberako balio, jakintza eta ezagupena bideratzen da; makroazpiegituretan inbertsioak egiten dituzten bitartean hezkuntzan murrizketak... zerrenda gero eta luzeagoa.

Tantaka-tantaka ari dira, isilpean Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza sistema herritar eta euskaldunaren aurka neurriak hartzen.

Berdin da Celaa, Iribas edo Wert. Berdin da neurriak nondik datozen, espainiar zein frantziar gobernuetatik edo erkidegoetako administrazioetatik. Guztiek dute helburu bera: hezkuntzaren bidez gure herriaren asimilazioan sakontzea, gure hizkuntza eta nortasunaren kalterako diren proiektuak aplikatzea, balio zehatz batzuen araberako heziketa bultzatzea... Oro har, Euskal Herriko hezkuntzaren eta Euskal Herriaren aurka egitea.

2006an, Hezkuntza Sistema propioa garatze bidean, hezkuntza komunitateko eragile gehienak bildu ginen Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren baitan. Beharrezkoa da ditugun ezberdintasunak alde batera utzita bertan aipatutako hezkuntza eskubideak berrartzea eta elkarlanean aritzea.

Batzen gaituena oinarritzat hartuta, gaurdanik etorkizuneko Hezkuntza Sistemaren bidean pauso atzeraezinak ematea.

Datozen erreforma, dekretu eta legeen aurrean, guk geurea eraiki dezagun. Horretarako, herriak definitutako proiektuak ditugu esku artean. Hezkuntza Sistema Nazionala lortzea helburu izanda, gaurdanik pauso sendoak ematea dagokigu, erantzukizunez aritzeko garaia da.

Nazio mailan ditugun erronkei arduraz erantzuteaz gain, herriz herri garatu beharreko bidea nahitaezkoa da. Herri zein ikastetxeetan hezkuntzaren gaineko kontzientzia piztuz, herri proiektuak sortu eta aplikatuz: hezkidetza landu, euskara bultzatzeko programak sortu, herri curriculumak osatu... dauden behar zein hutsuneak identifikatu eta urrats praktikoak egin ditzagun.

Hezkuntza da gure herriaren, zutabe garrantzitsuenetarikoa. Euskal Herria urrats sendoak egiteko tenorean den honetan, bada hezkuntzan ere urrats horien premia eta aukera.

Ilusioz eta ausardiaz aritzeko garaia da, nahi dugun Herria egiteko garaia!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo