GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

ANko Zigor Aretoko presidentea

Iraitz Gesalagak urtebete eman du giltzapean, ETAko kide izatea egotzita. Atxilotu zutenean, ETAn ardura garrantzitsua zuela esan zuten Barne Ministerio espainiarrak eta hedabide gehienek. Polizia operazio berean, Itxaso Urtiaga atxilotu zuten, baina bakartu eta galdekatu ondoren, libre utzi zuten. Guardia Zibilaren aurrean deklaratu zuena presio eta torturapean egin izana salatu zuen Urtiagak. Betikoa. Joan den ostiralean, Gesalaga epaitu zuten eta, hedabide askoren arabera, «ETAko informatikaria» baitzen, fiskalak eskatutako hamar urteko zigorra ezarri besterik ez zuen epaimahaiak. Hedabide horiek behinik behin ez zuten zalantzarik batere. Epaimahaiko presidentea Angela Murillo berritsua zen, eta ohi bezala, bere izaera atseginaren arrasto atseginen bat utzi behar zuen. Gesalagak azken hitza baliatu zuen epaiketara joan zirenei eskerrak emateko eta bere aitari zorionak emateko, haren urtebetetze eguna baitzen. Orduan epaiketara joandako hainbat lagunek ukabila altxatu zuten. Hura ikusita, Murillok lagun horiek aretotik bota eta identifikatzeko agindu zuen (esa gentuza, a la puta calle, y me los identifiquen, horrelako zerbait esango zien poliziei, ohi duen fintasunarekin).

Herenegun jakin genuen Madrilgo Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuela Gesalaga, zigortzeko frogarik ez zegoelako. Hala ere, urtebetez kartzelan atxikitzeko nahikoa froga egon zen, antza. Eta jakin genuen, halaber, frogak lortzeko prozedura ez zela legearen araberakoa izan. Legez kanpoko prozedura hori instrukzio epailearena izan zen, Urtiagaren telefonoa kontrolatzea eta kontrol hori sei hilabetez luzatzea agindu zuen epailearena, hain zuzen.

Jokaera hori prebarikazioa dela esan du Auzitegi Gorenak oraindik orain, Baltasar Garzon epailea zigortu duenean, eta Auzitegi Nazionaletik bota du. Baina lasai asko lo egin dezakegu, haren kargua Fernando Grande-Marlaskak hartu baitzuen atzo, Iraitz Gesalagaren sumarioaren instrukzioa egin zuen epailea, hain zuzen. Ezin egokiagoa, Garzonen eskolakoa izaki. Kontuan izan beharko du, ordea, eskola horretako prozedurek pare bat milioi euskal terrorista ikertzeko baino ez dutela balio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo