Zerbitzu publiko duinen alde lan egiteko deia luzatu du LABek
Burujabetza oinarri, kalitatezko zerbitzu publikoak garatzeko lanean jarraitzeko deia luzatu zuten atzo LABeko ordezkariek Irun eta Hendaia artean. Horrela, Parisek eta Madrilek inposatutako murrizketak salatu zituzten, eta finantza erakunde zein enpresa lobbyen atzaparretatik ihes eginda, herrien Europa soziala eraikitzeko beharra aldarrikatu zuten.
GARA | IRUN
«Burujabetza ekonomikoa, herrien burujabetza, Europa soziala eraikitzeko», horixe da atzo LABeko ordezkariek Irun eta Hendaia artera eramandako aldarrikapena. Era berean, murrizketen aurrean zerbitzu publiko duin batzuen defentsan lanean jarraitzeko deia egin zuen.
Europa osoan antolatutako mobilizazioei jarraiki, Euskal Herrian ere «herrien Europa soziala» sortzeko deia luzatu zuten atzo Ipar zein Hego Euskal Herriko LABeko ordezkariek. Ainhoa Etxaide sindikatuko idazkari nagusiak nabarmendu zuenez, garaia da bide horretan pausoak emateko, «bankak eta estatuak langileen esplotazioaren gainean eraikitzen ari diren Europa horretatik» urrunduz.
Hala, Europatik inposatutako ereduari jarraiki, Euskal Herrian ere zerbitzu publikoak «alarma gorrian» daudela ohartarazi zuen, eta arlo horretan egiten ari diren pribatizazioak salatu zituen, baita soldatak murrizten edota ordezkapenak mugatzen ari direla ere.
Ipar Euskal Herrian, zerbitzu publiko guztiak erabat itxi ez badituzte ere, baliabideak eta ordutegiak murriztu dituztela azaldu zuen. Murrizketok batez ere posta zerbitzuan edota irakaskuntzan izan dute eragina, LABek azaldutakoaren arabera.
Hego Euskal Herria, berriz, zerbitzu publikoen finantzaketaren erreformaren atarian dagoela ohartarazi zuen Etxaidek. Gainera, erreforma hori «indarrez» ezarriko dutela salatu zuen. «Zerbitzu publikoen sistema goitik behera suntsitzea da ezarri nahi diguten erreformaren helburua», nabarmendu zuen Etxaidek. Azaldu zuenez, langileei ez ezik, herritarrei ere ondorio larriak ekarriko dizkie horrek, eskubide zibilak desagertze bidean jarriz.
Horiek horrela, zerbitzu publikoak suntsitzeko Madrilen eta Parisen diseinatzen ari diren estrategiari aurre egiteko deia luzatu zion Etxaidek Euskal Herriko langileriari, «borrokatuz eta zerbitzu publikoen garapenean oinarritutako eredu propioa eraikiz».
Europatik errezeta gogorrak
Etxaideren aburuz, «bankaren osasunaren izenean, oso errezeta gogorrak ari dira ezartzen» Europako zenbait herrialdetan. Zentzu horretan, Euskal Herrian ere errezeta berdinak aplikatzen ari direla gaineratu zuen.
Are gehiago, LABeko idazkari nagusiak nabarmendu zuenez, Euskal Herria estaturik gabeko nazio bat izanik, langileen beharrak asebeteko dituen eredu soziala eraikitzeko eskuduntza mekanismoak ukatuak direla salatu zuen.
Horrela, Euskal Herria Madrildik eta Parisetik datozen erabakien menpe dagoela gogorarazi zuen, eta beraz, «troikak» eta Europako gobernu teknokratek agintzen dutenari men egitera kondenatuta dagoela gaineratu zuen.
Hori dela-eta, Euskal Herriak bere bideari ekiteko beharrezko duen burujabetza ekonomiko eta politikoaren alde lanean jarraitzeko deia luzatu zuen.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta, Bizkaiko Aldundiko eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) langileek protestak egin zituzten atzo Bilbon, GUFEk bere aurrekontuetan egindako murrizketen kontra. Langileek salatutakoaren arabera, murrizketen ondorioz, zerbitzu publikoak gutxitu dira eta hauen kalitatea ere kaltetua izan da.
Sindikatuek Bizkaiko Gobernuaren jarrera salatu zuten, euren negoziazioa proposamenei uko egitegatik. Sindikatuek lanaren ondoriozko baja egoeretan ordezkapenak mantentzea proposatu zuten. Diputazioak, ordea, ordezkapenen legea onartu du, salatu zutenez, negoziatu gabe. Elkarkidetzari egiten zioten ekarpena bertan behera utzi izana ere salatu zuten. GARA