Zabalik da XXIV. Rikardo Arregi Saria, euskarazko kazetaritza bikaina eta bizi-bizia sustatzeko
Euskarazko kazetaritza bikaina, kalitatezkoa bultzatzeko sortu zuen Andoaingo Udalak Rikardo Arregi Kazetaritza Saria orain dela hogeita lau urte, eta helburu horrekin egin du aurten ere parte hartzeko deialdia.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Zorionez ala zoritxarrez, euskarak lan zaratatsu eta distiratsuak baino gehiago, iraunkorrak behar dituela defendatzen zuen Rikardo Arregi idazle, kazetari eta kultur eragileak (Andoain, 1942-Mendaro, 1969); lan zelaiak, isilak, baina etengabe egindakoak. Horri eutsi nahi diote Andoaingo Udalak eta Lakuako Gobernuak bere omenez antolatutako kazetaritza Sarietan, iraunkortasuna bilatuz, baina, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak erran zuen bezala, «zaratatsuak eta brillanteak badira, hobeto».
«Kalitatea, berritasuna eta eredugarritasuna» izanen dira 2011ko maiatza eta 2012ko maiatza bitartean edozein euskarritan -telebista, irratia, prentsa idatzia, Internet...- kaleratutako kazetaritza lanei aitorpena egiteko kontuan izanen dituzten irizpideak. Patxi Baztarrika Andoaingo Udaleko Euskara teknikari eta Rikardo Arregi Sariaren epaimahaiko idazkariak azaldu zuenez, lan bat edo sekzio oso bat izan daiteke sariduna, kazetari baten erreportaje bat ala erreportaje sorta bat, edozein mota eta generotakoa.
Sari Nagusiaz gain, 27 urte baino gutxiago dituzten lagunek Kazetari Berria saria eskuratzen ahalko dute; hori bai, horretarako, gainerako ataletan ez bezala, aurkeztu egin beharko dituzte beren lanak.
Epaimahaiaren Sari Berezia ere emanen dute, eta hemen epaimahaiak berak erabakiko du zer irizpide hartuko dituen kontuan aitorpena egiteko. Azkenik, Ohorezko Aipamena egiteko aukera izanen du, euskal kazetaritzaren historian erreferentzia izandako ibilbide, pertsona edo ekimen bat goraipatzeko. Guztira, 16.000 euro garbi banatuko dituzte sarietan: Nagusian 9.000 euro, Berezian 4.000 eta Berrian 3.000. Gainera, Xabier Lakak propio sari honetarako egindako kaxa oroigarri bana jasoko dute irabazleek.
Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzia, Ainara Rodriguez, izanen da epaimahaiburua, eta Euskara teknikaria, Patxi Baztarrika, idazkaria. Erabakiak hartuko dituzten mahaikideak, aldiz, Lorea Agirre, Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Ainara Mendiola eta Joxe Rojas izanen dira. Iragarri zutenez, uda honetan jakinaraziko dituzte erabakiok eta apelaezinak izanen dira.
Rodriguezek defendatu zuenez, «euskal herritar guztiok merezi dugu euskarazko kazetaritza prestu eta modernoa», eta horretan lagundu nahi dute pozez eta harrotasunez betetzen dituen sari honekin, euskara komunikazioaren munduan indartsu bizitzeko.
Kazetari Berria atalean izan ezik, bertze guztietan ez da beharrezkoa aurkeztea saria jasotzeko. Hala ere, espresuki eskatu zuten lanak bidaltzeko, maiatzaren 14ra arte.