GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Iraken egoera, krisi politikoa baino kezkagarriagoa

Azken bederatzi urteotan ohikoak izan dira atentatuak Iraken; beraz, hildako kopurua handia izan ezik, ez dira albiste izaten. Atzo herrialde hartan izandako atentatu sortak dozenaka hildako eragin zuenez, hango egoera larria hedabideetara itzuli zen. Irak azken garaiko krisirik larrienetakoa jasaten ari omen da; hala ere, esan liteke herrialde horren krisi politikoa etengabea dela. Joan den abenduan estatubatuar soldaduak herrialdetik atera baziren ere, hango egoera hori ez da irakiarrek beren Gobernuaren aurka egindako matxinada baten ondorio, inbasioaren ondorio baizik. Bagdadeko Gobernuaren arabera, «terroristek huts egin dute beren helburu politikoak lortzeko», eta Irakeko herritarrak eusten ari dira. Baina Gobernu hori ere okupazioaren ondorio da eta haren zilegitasuna ezin zalantzazkoagoa; nolanahi ere, Irakeko Gobernua gatazka korapilatsu baten parte da, hainbat komunitate etniko eta erlijiosoren arteko gatazkaren parte, hain zuzen. Kanpoko soldaduak Irakera indarrez sartu zirenean, hango egoera ez zen onena, ezta hurrik eman ere, Irak ez zen estatu demokratikoa; hala ere, irakiarren bizitza infernu bihurtu zuten. Bederatzi urteren ondoren soldadu horiek Iraketik atera zirenean, huts egindako herrialde bat utzi zuten atzean. Izan ere, atzoko atentatuek gogorarazi zuten bezala, infernua bertan geratu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo