Ruper Ordorika, Rover edo Islaiak kantatuko dute larunbatean Sarako Usopop jaialdian
Sarako Usopop jaialdiaren bigarren edizio honetan musika independentea eta alternatiboa nagusi izango da, Islaia eta Aloe Vera Dj-arekin besteak beste. Taldeen arteko harremanak sendotu nahi dituzte.
GARA| SARA
Usopop jaialdiaren bigarren edizioa larunbat honetan ospatuko da Saran eta antolatzaileek egitarau berezia prestatu dute jaialdirako: Rover bakarlari paristarra, Ruper Ordorika, Islaia Hazparneko rock taldea eta Aloe Vera DJ set izanen dira, besteren artean Lur Berri aretoan eta gaztetxean. «Festibala sortu dugunetik, Euskal Herriko talde bereziei lekua egitea da gure asmoa, musika independente eta alternatiboari bultzada bat eman nahirik aldi berean», esan zuen Patxi Dutournier Usopop elkarteko kide eta antolatzaileak.
Ipar Euskal Herriko agertokietan gutxitan ikus daitezkeen taldeez gozatzeko primerako abagunea izatea nahi dute. Bestalde, gure mugetatik kanpoko taldeak ezagutzeko aukera ere izango dute bertaratuek.
Hemengo eta kanpoko taldeen arteko harremanak bideratzea da beste helburuetako bat: «Taldeen arteko ezagutzak bultzatu nahi ditugu. Bertakoak eta kanpokoak elkar ezagutaraziz musikagileek balio komun batzuk partekatzen dituztela erakutsi nahi izan dugu», adierazi zuen Dutornierrek.
Baleapopekin lotuta
Usopop Baleapop jaialdiarekin lotuta dago, bietan garatzen dituztelako lurrarekiko eta itsasoarekiko harremanak, baita belaunaldien artekoak ere. Udako Usopop jaialdia Sarako mendi batean ospatuko dute, Lizarrieta basoan, bertako ondarea eta ingurumena baliatu nahi baitituzte beren ekintzen alde.
Musika ez da izanen Usopopen eskaintza bakarra. Aurtengo jaialdiak eskualdeko produktuak ezagutzeko eta dastatzeko aukera ekarriko du, Sarako sagardoa eta Hazparneko Bob beer´s garagardoa kasu.